Gizartea -
Metroa lurperatzeko lanak
Metroa 2017ko martxoan iritsiko da berriz Urdulizera
Urdulizko geltokia lurperatzeko obrak 2016ko amaieran bukatuko dira, eta 2017ko martxoan jarriko da martxan, beharrezko proba guztiak egin ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
2017ko martxoaren amaieran iritsiko da berriz metroa Urdulizera, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak, Vicente Reyesek, gaur jakinarazi duenez.
Batzar Nagusietan EH taldeko bozeramaileak egin duen galdera bati erantzunez foru arduradunak adierazi du Urdulizko Ospitalera iristen den errepidea uztailaren hasierarako izango dela urbanizatuta; hau da, irekiko den datetarako.
Ospitalea abian jartzeko aurrez ezarrita dauden fase guztiak amaitu aurretik, metroa normaltasunez ibiliko dela adierazi du foru diputatuak.
Horren esanetan, Urdulizko geltokia lurperatzeko lanak 2016ko amaieran bukatuko dira, eta funtzionamenduko eta abian jartzeko proba guztiak egin ondoren jarriko da martxan, 2017ko martxoaren amaieran.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) iturriak aipatuz Reyesek azaldu duenez, Urdulizko geltokia lurperatzeko lanetan "zailtasun batzuk sortu dira euri-uren kolektorearen desbideratzearekin, baina Ur Partzuergoa, Euskal Trenbide Sarea eta Bizkaiko Garraio Partzuergoa batera ari dira lanean arazo horiek konpontzeko".
Bestalde, Foru Aldundiak aho batez onartu du Sustapen Ministerioari eskaria egitea, Renfek Urduñan duen geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak lehenbailehen abia ditzan.