Gizartea -

Teknologia

Whatsapp bidez bideo-deiak egiteko iruzur zerbitzu berria

Erabiltzaileek Whatsapp bidez bideo-deien zerbitzua aktibatzeko mezua jasotzen dute. Iruzur kanpaina berriaren helburua erabiltzailea SMS Premium zerbitzuetara harpidetzea da.

Whatsapp-eko bideo-deien iruzurra. Argazkia: Internauten Segurtasun Bulegoa.
Whatsapp-eko bideo-deien iruzurra. Argazkia: Internauten Segurtasun Bulegoa.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Whatsapp bidez bideo-deiak egiteko aukera ematen duen iruzurrezko zerbitzuaren berri eman du Internautaren Segurtasun Bulegoak. Mezularitza-zerbitzuaren nortasuna ordezkatzen du iruzurrezko zerbitzu horrek erabiltzaileen zenbait datu pertsonal lortzeko asmoz.

Internautaren Segurtasun Bulegoak bere webgunean ohartarazi duenez, erabiltzaileek mezu bat jasotzen dute Whatsapp bidez bideo-deien zerbitzua aktibatzeko eta wsx.xo webgune batera eramaten ditu.

Esteka horretan Whatsappeko bertsioa egiaztatzen edo gezurrezko eguneratze pantaila agertuko zaio erabiltzaileari.

Aurrera jarraitu ahal izateko, beste hainbat lagunekin mezua partekatzeko eskatuko dio erabiltzaileari, horrela ez badu egiten, ezin izango du aurrera jarraitu.

Whatsapp fraude. Foto: OSI.

Argazkia: Internautaren Segurtasun Bulegoa.

Ondoren, sistema faltsuak telefonoa gaurkotu gabe dagoela eta gaurkotzeko eskatuko dio erabiltzaileari. Horretarako, telefono zenbakia eta telefonia mugikorreko operadorea zein den zehaztu beharko du. Hori horrela, erabiltzailea SMS Premium zerbitzuetara harpidetuko da, ohartarazi du Internautaren Segurtasun Bulegoak.

Iruzurrean eroritakoek beraien posta elektronikoa edo mugikorraren telefono zenbakia argitaratuta aurkitu dezakete Sarean. Hori dela eta, adi egoteko eta, datu pribatuak baimenik gabe erabiltzen ez dituztela ziurtatzeko, noizbehinka googlen gure datuak bilatzeko gomendioa egiten dute Internautaren Segurtasun Bulegotik.

Datu pertsonalak baimenik gabe erabiltzen ari dituztela ikustekotan, Datuen Babeserako Espainiako Agentziara jo dezakegu, datu horiek zuzentzeko edo bertan behera uzteko aukera ematen baitigu.

Iruzurrean erori izandakoa bazara, adi eta zure operadorera deitu SMS Premium zerbitzuak bertan behera uzteko.

Iruzurrak saihesteko, Internautaren Segurtasun Bulegoaren gomendioa da online egiten diren promozioen egiazkotasuna ezagutzen ez baduzu, ez sartu datu pertsonalik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
WhatsApp Iruzurrak bideoak Gizartea