Gizartea -
2015eko balantzea
% 5,8 hazi da indarkeria matxista salaketen kopurua EAEn
Nafarroan, ordea, % 10 jaitsi dira salaketak. Bi lurraldeen kasuetan, tasa Estatuko batez bestea baino txikiagoa da.
agentziak | erredakzioa
Indarkeria matxistagatik 2015ean Espainiako Estatuan jarri ziren salaketa kopurua 129.123ra iritsi zen, 356 jarri baitziren eguneko, aurreko urtean (347) baino % 2 gehiago, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Genero eta Etxeko Indarkeriaren Behatokiak argitaratu berri duen txostenean agertzen denez.
Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) eta Nafarroari dagokionez, 4.232 (% 5,8 gehiago) eta 1.191 (% 10 gutxiago) salaketa aurkeztu ziren, hurrenez hurren. 100.000 emakumetatik % 37,45ek eta % 36,36k jarri zituzten salaketak EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Estatuan handiagoa da tasa, % 52,13.
Aurkeztutako salaketa guztien artetik, emakumezkoak dira biktimak 123.725 kasutan, eta ia % 70a, 86.464, herritar espainiarrak ziren.
Salaketa gehienak (%68,8) biktimek jarri zituzten, % 15,5 poliziaren esku hartzeen ondorioz jarri ziren, eta % 11,3 lesio parteetatik abiatuta. Gainera, salaketen % 2,4 biktimen senideek jarri zituzten, eta arreta zerbitzuen bidez % 2 kudeatu ziren.
Salaketon aurrean epaileek hartutako babes neurriei dagokienez, eskatu ziren 41.757tik 24.679 onartu zituzten, % 59, hain justu. Gora egin du, hortaz, onartutako babes aginduen kopuruak (2014arekin alderatuta, puntu bat pasatxo).
Zigor epaiak ere % 1,5 hazi ziren, 2014ko datuekin aldetuta.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.