Gizartea -

Belgika

Hodei Egiluzena da Anberesko Escalda ibaian aurkitutako gorpua

Galdakaoko gaztea 2013ko urrian desagertu zen, eta haren gorpua joan den astean aurkitu zuten.

Hodei Egiluz Galdakaoko gaztea. Artxiboko argazkia: EiTB
Hodei Egiluz Galdakaoko gaztea. Artxiboko argazkia: EiTB
Hodei Egiluzena da aurreko astean Anberesen aurkitutako gorpua

1:00

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hodei Egiluz Galdakaoko (Bizkaia) gaztearena da otsailaren 11n Anbereseko Escalda ibaian aurkitutako gorpua, Anbereseko Fiskaltzak baieztatu dutenez. 2013ko urriaren 19an desagertu zen Egiluz Flandriako herri honetan. Bukatu dira, beraz, gaztearen senitartekoek eta lagunek hura topatzeko bi urte eta lau hilabete hauetan egindako eginahalak.

"Otsailaren 11n topatutako gorpuari egindako DNA probek baieztatu dute Hodei Egiluzena dena", esan dute Ministerio Publikoko iturriek.

2015eko irailean hondoratu zen ontzi bat berreskuratzeko lanak egiten ari zirela aurkitu zuten hilotza, Kattendijkdok kaian, Egiluz azkenezkoz ikusi zuten lekutik 500 metro eskasera. Hilotzak zeuzkan arropa eta zapatak eta galdakaoztarrak desagertzeko unean zeramatzanak antzekoak zirela eta, gorpua berarena izan zitekeela zabaldu zen, baina DNA probek baieztatu behar izan dute.

Pablo Egiluzek eta Koro Diazek, gazte galdakoztarraren gurasoek, prentsaurrekoa eskaini dute, eta gertatutakoa argitzeko eskatu diete Belgikako agintariei.

Gurasoek aitortu dute "gogorra" dela nola sentitzen diren azaltzea, ez baitzuten "Hodei etxean azaltzeko esperantza galdu", ez zutelako "sinesmen hori ukatu".

Bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkiete bi urte luze hauetan lagundu dieten guztiei, horien laguntza gabe ezinezkoa izango litzatekeelakoan "hona iristea".

Doluminak

Baieztapenaren berri izan eta gutxira, adierazpenak egin ditu Iñigo Urkullu lehendakariak Legebiltzarreko kontrolerako saioan. Familiari "doluminak eta elkartasuna" adierazi die.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako jarduneko Barne ministroak ere atsekabea agertu du baieztapenagatik eta telegrama bidali die Egiluzen gurasoei.

Bestalde, minutu bateko isilunea egin du eguerdian Galdakaoko Udalaren Bozeramaile Batzordeak. Une zail hauetan familiak behar duten guztian laguntzeko prest agertu dira Bizkaiko herri honetako alderdi guztiak, eta doluminak agertu dizkiote.

Anberesetik bertatik ere heldu dira doluminak. Bart De Wever Flandriako herri honetako alkateak nabarmendu duenez, "beti izango dugu Hodei gogoan". Haren hitzetan, une zail hauetan "Hodeiren guraso, familia eta lagunekin akordatzen naiz. Nire dolumin bizienak adierazi nahi dizkiet".

Emaitzarik gabeko ia bi urte eta erdiko bilaketa

Gaztea duela bi urte baino gehiago desagertu zen Anberesen. Hurrengoa esan zuen Pablo Egiluz gazte galdakaoztarraren aitak desagerpenaren bigarren urteurrenean: "ibaira erori zela pentsatzeko arrazoirik ez dago, errekara joan zenik ez dugu uste; lelokeria izango litzateke". Gertakariek eta denborak zoritxarrez arrazoia kendu diote.

"Desagertu aurretik Anbereseko erdiguneko kale batean Hodeiri bi aldiz lapurretan egin ziotela jakina da. Lekuko batzuek ikusi egin zuten, eta berekin hitz egin ostean, ihes egin zuen laguntza eske. Bakarrik utzi zuten eta ez dakigu ezer gehiago", azpimarratu zuen aitak orduan. Adituek gaztea ibaira erori zela pentsatu dute hasieratik.

2013ko apirilean Hodei Anberesera joan zen Createlli enpresan praktikak egiteko ingeniari informatiko gisa. Ekainean enpresak lan-kontratu bat eskaini zion, eta Hodeik Anberesen jarraitzea erabaki zuen. Urriaren 19an, larunbat goizaldean, galdu zen Hodeiren arrastoa lagunekin Anberesen irten ondoren.

Gazteak goizaldeko hirurak aldera agurtu zituen lagunak, baina etxera abiatu beharrean aurkako norabidea hartu zuen, kaleko bideokameretako irudiek berretsi zutenez. Lapurreta jo zuten Hodeiren desagerpenaren hipotesi nagusitzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao bideoak Belgika argazkiak Hodei Egiluz Albisteak