Gizartea -
2012ko apirilaren 9
Beste ertzain bat inputatu dute Cabacas auzian
Dagoeneko inputatu duten Ertzaintzako seigarren agentea da, pilotakada batez hil zen athleticzalearen kasuan. Ekainean bukatuko da instrukzioa egiteko epea, epaiketari begira.
agentziak | erredakzioa
Ana Torres Bilboko 10 zenbakiko Instrukzio Auzitegiko epaile nagusiak seigarren ertzaina inputatu du, Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an pilotakada batez hil zen athleticzalearen auzian, eta martxoaren 2an deklaratzera deitu du, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, epaitegietako iturriak aipatuta.
Aurretik adierazitako iturrien arabera, ekainean bukatuko da Legeak ezartzen duen epea, instrukziorako prozesua bukatzeko. Orain dela ia lau urte abiarazi zuten auzia eta "korapilatsutzat" hartu ez dutenez, ekainean bukatuko da, bestela ikerketarako epea luza lezaketen.
Momentura arte inputatutakoak honakoak izan dira: 2012ko apirilaren 5ean Bilboko Maria Diaz de Haro kalean, Athleticen eta Schalke 04 talde alemaniarraren artek norgehiagoka bukatu eta gero gomazko pilotak jaurti izana onartu zuten hiru agente; istiluen aurkako furgoneta baten burua eta 'Ugarteko' izeneko agente bat, alegia, Polizia-etxetik ertzainen zeregina koordinatzen zuen pertsona. Oraingoan inputatu duten agentea, gau horretan segurtasun operatiboan parte hartu zuten furgoneta baten burua da.
Ertzaintzako seigarren agentearen deklarazioa, 'ikertutako' pertsona gisa (Prozedura Kriminaleko Legea onartu zutenetik), martxoaren 2an izango da, poliziaren oldarraldiaren bideo baten gaineko proba zabaldu eta hurrengo egunera.