Gizartea -

Mendabia

44 gidari salatu dituzte Mendabian, auto-lasterketa ilegal batean

Bertaratutakoak eta partehartzaileak polizia bertan zegoela ohartu zirenean, ihes egiten saiatu ziren eta hainbat autok elkarren aurka jo zuten.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru poliziak Mendabian egitekoa zen auto-lasterketa ilegal bat bertan behera utzi du eta 44 gidari salatu ditu. Horietatik bi lehiaketan parte hartzen ari ziren eta beste 42 ikusleak ziren, baina lasterketaren ibilbidearen bazterretan utzi zuten autoa.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Lizarrako agenteek lasterketa ilegal bat antolatzen ari zirela jakin zuten eta NA-1120 errepidera abiatu ziren, Mendabian.

Partehartzaileek sare sozialen bitartez egin zuten deialdia eta Errioxatik, Arabatik, Bizkaitik eta Nafarroatik etorri ziren. Horrelako jarduerek arriskua ekartzen dute trafikoan eta Lizarrako foru poliziek dispositibo berezia ezarri zuten. Poliziek ikusi zuten nola gauerditik aurrera hainbat auto inguru horretara heldu ziren, batzuk lasterketan parte hartzeko eta beste asko debekatuta dagoen guneetan aparkatu zuten, karrera ikusteko.

Askok partehartzaileak txalotzen zituzten alkohola edaten zuten bitartean, iturri horren arabera. Toki horretan, 12 ibilgailu inguruk irteera ezartzen zuen, 2,5 kilometroko ibilbidea egiteko, zirkulazioaren bi erreiak okupatuta.

Ibilgailu andana bertaratu zen (200 inguru, ikusle eta partehartzaileen artean) eta arrisku argia zegoela ikusi zuten agenteek. Horrela, errepidea moztea erabaki zuten. Bertaratutakoak eta partehartzaileak polizia bertan zegoela ohartu zirenean, ihes egiten saiatu ziren eta hainbat autok elkarren aurka jo zuten, baina baita errepidearen seinaleen aurka ere.

Agenteek bi partehartzaile gelditu zituzten eta salaketa jarri zieten, "bide publikoan abiadurazko lasterketa egiteagatik, agintariek hesitu gabe". Horrela, 42 lagunek ere salaketak jaso zituzten debekatuta dagoen lekuetan autoa uzteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mendabia albisteak Albisteak