Gizartea -
Frankismo garaiko krimenak
Baieztatu dute Mendieta lurperatuta dagoen hobia aurkitu dutela
Frankismo garaiko krimenak ikertzen ari den Servini epaile argentinarrak eskatuta Espainian egiten den lehendabiziko exhumazioa da Timoteo Mendietarena, Guadalajaran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guadalajarako hilerrian aurkitutako gorpuzkien azterketak baieztatu duenez, aurreko astean gorpuak ateratzen ziren hobia Timoteo Mendietarena da. Frankismo garaiko krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrak eskatuta, Espainian egiten den lehendabiziko exhumazioa da Timoteo Mendietarena.
Hala aurreratu du Rene Pacheco Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko kide eta gorpuak lurretik ateratzeko ardura duen taldeko buruak.
Pachecoren esanetan, aurkitu dituzten gorpuak oso egoera onean daude eta horrek lanak aurreratzea ahalbideratu die. Ildo horretan, larunbatean Timoteo Mendietaren gorpuzkietara iristea espero dute.
Indusketaren zuzendariak azaldu duenez, dagoeneko bederatzi gorpu atera dituzte lurpetik eta hamabi aurkitu dituzte.
"Hainbat ebidentzia kontuan hartuta, Timoteo lurperatuta dagoen hobia dela baieztatu dezakegu", gaineratu du.