Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Indarkeria matxistak 56 emakume hil ditu 2015ean Espainiako Estatuan

Feminicidio.net webgunearen arabera, baina, hildakoak 105 izan dira, datu ofizialek kontuan hartzen ez dituzten beste kasuak ere zenbatzen baititu.

Apirilean Gasteizen egindako manifestazio bat, hilketa matxista bat gaitzesteko. EFE
Apirilean Gasteizen egindako manifestazio bat, hilketa matxista bat gaitzesteko. EFE
Apirilean Gasteizen egindako manifestazio bat, hilketa matxista bat gaitzesteko. EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 55 emakume hil dituzte 2015ean Espainian horien bikotekideek edo bikotekide ohiek, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren datu ofizialen arabera. Gainera, beste hiru auzi ikertzen ari dira, eta Andaluziako Gobernuak beste kasu bat baieztatu du gaur bertan Almerian.

Dena dela, feminicidio.net webguneak 105era igo du hildako emakumeen kopurua. Izan ere, datu ofizialek kontuan hartzen ez dituen kasuak ere zenbatzen ditu, hala nola Laura Hoyorena (Marina Okarynska lagunarekin batera hil zuen azken horren bikotekide ohiak abuztuan, Cuencan).

Osasun Ministerioaren datu ofizialek aitortutako 55 biktimetatik, 13k tratu txarrak salatu zituzten hil aurretik, eta horietako lauk babes neurriak zituzten indarrean. Bestalde, 50 adingabe umezurtz utzi ditu aurten indarkeria matxistak, eta hiru ume hil egin ditu. Hildako emakumeetatik, 36k espainiar nazionalitatea zuten, eta beste 19ak atzerrikoak ziren. Biktimak adin guztietakoak dira: hamazortzi 41 eta 58 urte artekoak ziren; hamasei, 31 eta 40 artekoak; eta, hamaika, 30 urte baino gazteagokoak.

Euskadin hiru emakume hil dituzte aurten: Leyre Rodriguez, Almudena Matarranz eta izena jakinarazi ez duten 29 urteko gazte bat. Nafarroan, aldiz, ez da feminizidiorik jazo.

821 hilketa 2003tik

Orotara, 821 emakume hil dituzte 2003 urtetik, datu ofizialen arabera.

Halaber, 13 ume ere erail dituzte 2013tik (urte horretan hasi ziren krimen horiek zenbatzen).

 

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainia Albisteak