Gizartea -
Iragarpena
Facebookeko akzioen % 99 dohaintzan emango ditu Mark Zuckerbergek
Sare sozialaren sortzaileak alaba jaio dela ospatzeko hari idatzitako gutun batean eman du erabakiaren berri. 45.000 milioi dolar dira guztira.
Agentziak | Erredakzioa
Mark Zuckerberg Facebook sare sozial ezagunaren sortzaile eta buruak iragarri duenez, konpainian dituen akzioen % 99 dohaintzan emango ditu, aita izan dela ospatzeko. Zuckerbergek eta Priscilla Chan emazteak gutuna idatzi diote alaba jaioberriari, eta dirutza ongintzazko jardunetara bideratuko duela jakinarazi du. Fundazio bat sortuko dute horretarako.
Gutunean esandakoaren arabera, euren asmoa "giza ahalmenean aurrera egin eta gizakion arteko berdintasuna sustatzea da, alaba mundu hobean bizi dadin".
Facebooken dituen akzioen % 99 45.000 milioi dolar dira (42.290 milioi euro), Zuckerbergek zehaztu duenez. Bizi den artean Chan Zuckerberg Iniciative fundaziora bideratuko du, apurka-apurka.
"Hauek izango ditugu zeregin nagusi: pertsonalizatutako irakaskuntza, gaixotasunak sendatzea, jendea konektatzea eta komunitate indartsuak eraikitzea", azaldu du gutunean.
Etorkizunean, "urte luzez" Facebook zuzentzen jarraituko duela gaineratu du Zuckerbergek.
Munduko aberatsenen zerrendan, 16. postuan dago Facebookeko sortzailea, Forbes aldizkariaren arabera. Egun, guztira, 46.800 milioi dolar ditu, horren arabera.