Gizartea -

Azaroak 25

Euskal Herriak indarkeria matxista desagertzea eskatu du berriro

Hainbat mobilizazio egin dituzte, herritarrek zein erakundeek, indarkeria matxistaren aurka.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaur. Berdintasuna, diskriminazioa amaitzea eta genero indarkeria egoerak bukatzea aldarrikatu dute ekitaldi ugarik Euskal Herrian.

Aurten Euskal Herrian sei emakume hil dituzte, ustez, euren bikotekide edo bikotekide ohiek: hiru Euskal Autonomia Erkidegoan, Leire, Almudena eta Maria Ana; eta beste hiru, Ipar Euskal Herrian, Ani eta Melisa ama-alabak eta Axelle.

Datuak hotzak iruditu arren, arretaz entzunda, dardara eragin dezakete: Espainiako Estatuan aurten 48 izan dira hil dituzten emakumeak. 2003an, datuak jasotzen hasi zirenetik, 800 dira. PSOEk Estatu ituna proposatu du, sozialisten ahotan, ?gizarte mailako egoera lotsagarriena den honi aurre egiteko?.

Datozen bi asteetan kolore laranjak emakumeen aurkako indarkeria bukatzea eskatuko du munduan. Munduko hiru biztanletik bik indarkeria mota hori sufritzen dute.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ekimen hori aurkeztu zuen atzo. Arazoaren larritasunaz ohartarazteko nazioartearen mobilizazioa bilatzen du ekimenak. Berehalako erantzunak beharrezkoak direla uste du NBEk.

Euskadi lila

Euskadin, aldiz, kolore protagonista lila izan da. Gaurko manifestazioetan parte hartzera herritarrak animatu ditu Emakundek. Hala, lila puntuetan indarkerian kontrako konpromisoa azaltzeko eskatu du erakunde publikoak.

Jakitera ematen diren kasuak ?icebergaren punta? baino ez direla ohartarazi du Izaskun Landaida Emakundeko presidenteak, ?eraso asko salatu ez eta ezkutuan geratzen direlako?.

?Arazoa hutsaltzeko saiakera zitalak? salatu ditu Landaidak. Emakundeko presidenteak uste du indarkeria nozitzen duten emakumeak babesteko baldintzak sortzea pertsona guztien erantzukizuna dela.

Gizartean jarrera matxistak desagertzeko eta berdintasunean hezteko, ?balioak aldatzea? beharrezkoa dela azaldu du buruzagiak.

Eusko Jaurlaritza

Tratu txarren salaketa asko faltsuak direla uste dute EAEko herritar askok. Horrek ?kezkatzen? duela onartu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Erkorekaren hitzetan, errealitateak sentsazio hori gezurtatzen du; izan ere, salaketa faltsuak % 1 baino ez dira. Hala ere, emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena ?ia aho batezkoa? dela goraipatu nahi izan du Jaurlaritzako bozeramaileak. Hamarretik zortzik emakumeei eskainitako zerbitzuak egokiak direla uste dute.

Lehendakariak eta Jaurlaritzako kideek elkarretaratzea egin dute, Lehendakaritzan.

Txosten adierazgarria

Azken egunetan genero indarkeriaren inguruko zenbait txosten argitaratu dituzte. Horietako batean, Arabako Foru Aldundiak gazteen gainean arreta jarri du. 12-17 urteko emakume arabarren % 28k genero indarkeria egoera baten protagonista izan dela onartu dute.

1.657 inkesta egin dituzte 20 hezkuntza zentrotan. Genero indarkeria kasu gehien 16 urteko neskek aitortzen dituzte, eta 12 urteko mutilek gutxien.

Indarkeria psikologikoa eta fisikoa argi antzematen dute ikasleek, baina beste jarrera batzuk onartzen dituzte, txostenak ohartarazi duenez. Nesken % 80 inguruan matxismoa bizi dutela uste dute; portzentajea % 59ra jaisten da mutilen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gaurko albisteak Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoa