Gizartea -

Erasoak

Gaztelueta auzia: 'Aita Santuaren eskutitza argi izpi bat izan da'

Ustezko erasotzailea inputatuta dagoela, eta, instrukzioa amaituta, deklarazioa hartuko diotela iragarri du ustez sexu-abusuak jaso zituen ikaslearen aitak.

Gazteluetako mutikoaren aitak ikastetxeari kritika egin dio

1:13

Agentziak | Erreakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela bi urte salatu zuten Leioako Gaztelueta eskolako irakasle bat ikasle ohi baten gurasoek, semeari sexu-abusuak egitea leporatuta.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Frantzisko I.a aita santuak bidalitako eskutitza "iluntasunean argi izpi" bat izan dela esan du aitak:  "Eskutitz horrek esan nahi du nahikoa froga dagoela", adierazi du. Gainera, nabarmendu du irakaslea inputatuta dagoela eta frogak biltzen eta deklarazioak hartzen ari direla.

2008-09ko eta 2009-10eko ikasturteetan gertatu ziren ustezko erasoak, mutilak 12 eta 13 urte zituenean. Ustez erasoak jaso zituen gazteak eskutitza igorri zion Frantzisko aita santuari gertatutakoaren berri emanez eta 2014 amaieran erantzun zion aita santuak. Auziaren dokumentazioa bidaliko zuela esan zion, "Fedearen Irakasbiderako Kongregazioak irakaslearen eta ikastetxearen kontrako epaiketa kanonikoa egiteko ikerketa abia dezan, baina umeari enbarazu egin gabe”. Gutun hori jasotzeak bizitzen ari ziren 'iluntasunari argi izpia' jartzea izan zela esan du aitak. "Gutuna jaso nuenean negarrez hasi nintzen; emozio handia sortu zidan", esan du. Ordutik, berri gehiago izan ez duela esan du aitak, eta prozesua "luzea" dela badakiela gaineratu du.

Aitak adierazi duenez, prozesu kanonikoa da, epaiketa juridikoaz gain beste "bide batzuk" ere jorratuko dituena. Semea zelan dagoen galdetuta, "gaizki" dagoela esan du, "pairatu zuen jazarpen eta erasoek utzitako ondorioak pairatzen" jarraitzen duelako. Gaur egun, "bere adineko gazteek duten ohiko bizimodua" eraman ezin duela gaineratu du.

Filtrazioa

Getxoko Epaitegiak aita santuak igorritako eskutitza komunikabideetara filtratu duela salatu du aitak, eta prozesua zertan den azaldu du. "Frogak biltzen ari dira, deklarazioak hartzen ari dira eta ustezko erasotzailea inputatuta dago". Adingabeen Fiskaltzak 2013an kasua artxibatu zuela ukatu du: "Denbora kontu batengatik preskripzioa agindu zuen eta ezin izan zituzten hainbat lagun epaitu, adingabeak zirelako. 14 urtetik beherakoak ziren; halere, adingabeko biri espedienteak ireki zizkieten. Bi adingabe hauek lan bat egin behar izan zuten erasoei eta biktimen babesari buruz", azaldu du.

Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak ostiralean esandakoa ekarri du gogora aitak: "Behin behinean artxibatu zutela kasua esan du. Orain bat egitea ondo iruditzen zaigu, baina askotan egin dute bat eta gero, azken unean, amaitutzat eman dute auzia".

Sinestuna dela azpimarratu du eta Jesuiten eskoletan formatu dela azaldu. "Harrotasunez esaten dut, horri esker nortasun errukitsua dudalako eta pertsona gertukoa naizelako. Nire emaztea ere erlijiosoa eta fededuna da", adierazi du.

"Semeak lehenbailehen bizitza normala egin dezan nahi dugu. Hori da gure borroka eta gure helburua. Gertakariak aitortzea nahi dugu, eta hori etorriko da, etorri behar delako. Biktimaren errekonozimendua izan behar da", gaineratu du aitak.

Ikastetxeak eta Gotzaindegiak babestu eta lagundu dituztela ukatu du eta semearen egoeraz kezka adierazi dutenik gezurtatu. Angel Unzueta bikarioaren eta Jaurlaritzaren adingabeen arretarako etxeko zerbitzuaren laguntza eskertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea