Gizartea -
UEMA
Aktak euskaraz bidaltzea onartu die epaileak Amezketari eta Gaintzari
Lekeitioren kasuan, ordea, kontrakoa izan zen ebazpena.
agentziak | erredakzioa
Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Amezketako eta Gaintzako (Gipuzkoa) udalen aldeko epaiak plazaratu ditu, Espainiak EAEn duen Gorbernu Ordezkaritzak egindako errekerimenduen harira. Udal horiek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren dozenaka udalek bezala, euskara hutsean bidaltzen dituzte aktak eta erabakiak Gobernu Ordezkaritzara, eta horren aurka jo zuen azken honek.
UEMAk jakinarazi duenez, orain plazaratutako epaia "argia" da Amezketako eta Gaintzako udalen alde, EAEko Euskararen Legeak horretarako eskubidea ematen diela nabarmenduz. Gainera, abokatu eta prokuradoreen ordainsarien kostak ere ordaintzera zigortu du Espainiako Gobernu Ordezkaritza. Epaia errekurritzeko aukera du honek hurrengo egunetan.
Erakundeak gogorarazi duenez, UEMAko kide diren udal gehienak, UEMA bera, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Urola Kostako Udal Elkartea auzibidean jarri zituen aurreko legealdian Carlos Urquijo Espainiak EAEn duen gobernu ordezkariak. Sei multzotan banatu dira auzibidean jarritako udalen aurkako errekerimenduak eta helegiteak: UEMAko kide izatea, hizkuntza irizpideak, euskararen erabilera plana, kontratazio irizpideak, diru laguntzak, eta aktak zein erabakiak euskara hutsean bidaltzea.
Azken multzo honi dagozkion epaiak dira orain jakinarazi direnak. Izan ere, legez, erabaki guztiak Espainiako Gobernu Ordezkaritzara bidaltzera derrigortuta daude udalak, eta erabaki horiek euskaraz hartzen eta idazten dituztenez udal askok, barne dokumentuak direnez, euskara hutsean bidaltzen dituzte, itzuli gabe.
"Erabaki horiek EAEn ofizialak diren bi hizkuntzatan bidaltzera derrigortu nahi ditu Gobernu Ordezkaritzak udalak, eta horregatik eraman ditu dozenaka udal epaitegitara. Orain, Amezketa eta Gaintzako udalen aldeko epaiak, bidea zabal diezaieke ataka berean dauden gainerako udalei ere", azaldu du.
Lekeitio
Halere, Amezketa eta Gaintzako udalen aldeko epaia ez da aktak euskara hutsean bidaltzeagatik heltzen den lehena, pasa den urtean, Lekeitioko Udalaren aurka jarritako epaia ere heldu baitzen, baina kasu hartan aurkakoa izan zen epaia.