Gizartea -

Estatu eta Europa mailan

Errefuxiatuak hartzeko eta babesteko eskatu dute milaka herritarrek

"Europako Estatuek eta instituzioek ez diote krisi humanitarioari behar bezala erantzun", salatu dute martxaren antolatzaileek.

Milaka lagun kalera atera dira errefuxiatuen babesa aldarrikatzeko. Argazkia: EFE
Milaka lagun kalera atera dira errefuxiatuen babesa aldarrikatzeko. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiar Estatuko hainbat hirik, tartean Madrilek, Logroñok, Bartzelonak eta Murtziak, errefuxiatuen aldeko manifestazioak hartu dituzte larunbat honetan, errefuxiatuak hartzeko eta babesteko integrazio plan arinak eta eraginkorrak Europar Batasunari eta Espainiako Gobernuari eskatzeko asmoz.

Hainbat sindikatuk eta elkarte politikok eta sozialek deitutako martxak izan dira, CCOO, UGT, PSOE, IU, UPyD, Podemos, Equo-Compromís, eta Geroa Bai, besteak beste. 'Europa solidario baten alde. Errefuxiatuak, ongi etorri' izenburuko adierazpena aurkeztu dute, eta herritarren mobilizaziorako deia egin dute.

"Europako Estatuek eta instituzioek ez diote krisi humanitarioari behar bezala erantzun", salatu dute martxaren antolatzaileek. Espainiaren kasuan, errefuxiatuak salbatzeko operazio europarra defendatzeko eskatu diote Gobernuari, baita administrazioen arteko koordinazioa, eta mugetan eta kontsulatuetan nazioarteko babes-eskaerak erraztea ere.

Nazioarte mailan ere manifestazioak egin dituzte Europako hiri nagusietan, hala nola, Londresen, Kopenhagen eta Hayan. Kopenhageko martxan 30.000 lagun inguruk parte hartu dute.

'Pertsonak gara, ez txalupak'

Madrilen manifestazioan 2.500 lagun inguru bildu dira, Polizia-iturriek diotenez. 'Politika europear erantzule baten alde. Errefuxiatuak, ongi etorri' lelopean egin dute martxa, eta errefuxiatuei elkartasuna adierazteko hainbat oihu izan dira entzungai: 'Gerrari ez', 'Gizakia ez da legez kanpokoa', 'Paperak guztiontzako, edo guztiok paperik gabe', 'Pertsonak gara, ez txalupak'…

Igande honetarako beste zenbait elkarretaratze deituta daude Andaluzian, Aragoin, Asturiasen, Kanariar Uharteetan eta Galizian.

Milioi bat errefuxiatu gehiago

Nazio Batuen Erakundeak iragarri duenez, urte amaieran milioi bat errefuxiatu siriar izango dira gerraren ondorioz, eta litekeena da horrek Europara datorren errefuxiatu-fluxua areagotzea.

"Aurten milioi bat errefuxiatu daude, eta Siriako indarkeriak bere horretan jarraitzen badu, baliteke urte amaierarako beste milioi bat egotea", esan du NBEak Sirian duen ardura humanitarioetarako koordinatzaile Yacoub El Hillok. "Pertsona gehiago Europarantz abiatuko dira, orain arte errefuxiatuak hartu dituzten herrialdeak (Libano, Jordania, Irak, Turkia eta Egipto) jendez gainezka baitaude", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak