Gizartea -
Errefuxiatuen drama
Espainiako Gobernuak ez du zehaztu errefuxiatuen harrerarako plana
Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erkidegoek gogor kritikatu dute Gobernu zentralak, besteak beste, Espainiak hartu beharko dituen errefuxiatuen kopurua oraindik zehaztu ez izana.
agentziak | erredakzioa
Estatuko erkidego ezberdinek, tartean Euskadik, ez-ohiko bilera izan dute Madrilen, Espainiako Gobernuak deituta, Europak bizi duen krisi humanitarioa aztertzeko asmoz.
Erkidego guztiek bat egin dute Gobernu zentralaren “zehaztapen falta” kritikatzerakoan. Estatuak zenbat errefuxiatu hartu beharko dituen, erkidegoetan banatzeko irizpideak zeintzuk izango diren eta Europar Batasunaren diru-laguntza zenbatekoa izango den “lehenbailehen” argitzeko exijitu diote Mariano Rajoyren exekutiboari.
Begi onez hartu dute Espainiako Gobernua errefuxiatuei babesa eskaintzeko prest agertu izana, baina antolakuntza falta deitoratu dute.
Espainiak ezartzen dion kopurua onartuko du Jaurlaritzak
Jose Luis Madrazo Familia Politika eta Komunitate Garapenerako zuzendaria izan da Jaurlaritzaren ordezkaria aipatu bileran. Madrazoren esanetan, “erkidego guztiek, eta tartean Euskadik, argi eta garbi adierazi dugu ezartzen zaigun errefuxiatu kopurua onartuko dugula”.
Alabaina, “zehaztapen gehiago behar ditugu”, deitoratu du. “Bilera honetan Espainiak zenbat errefuxiatu hartuko dituen eta, ondorioz, erkidego bakoitzak zenbat hartu beharko dituen jakinaraziko zigutela espero genuen”, erantsi du.
“Kopurua edozein dela ere, Euskadi eskuzabala izango da eta ezarritakoa onartuko dugu”, berretsi du.
Bestalde, Espainiako Gobernuak “baliabideen inbentarioa” egiteko eskatu die erkidegoei. “Ostatu emateko zenbat toki dauden edo euren etxeetan errefuxiatuak hartzeko boluntarioak zenbat izan daitezkeen jakin nahi dute”, azaldu du Madrazok.
Errefuxiatuak etxe partikularretara joateko aukeraz galdetuta, Madrazok esan du lehendabizi zenbait gauza izan behar direla kontutan, hala nola, “bertaratuko diren familien tipologia eta familia bakoitzeko pertsona kopurua”.
Ildo horretan, aterpetxeetan zenbat leku egon daitekeen nahiz udalen eta Jaurlaritzaren menpeko babes ofizialeko etxe hutsak zenbat diren aztertzen ari dira.
Erakunde arteko bilera Lehendakaritzan
Beste alde batetik, asteazken honetan erakunde arteko batzordea bilduko da Lehendakaritzan, errefuxiatuen krisia aztertzeko; hau da, Jaurlaritza, foru aldundiak, Eudel eta Bilbo, Gasteiz eta Donostiako udaletako ordezkariak elkartuko dira.
Gainera, ostegunean beste bilera bat deitu dute gobernuz kanpoko erakundeekin “errefuxiatuen arazoarekin zuzeneko lotura dutelako eta Estatuan nahiz Europan koordinatuta daudelako”.
Alemaniak 500.000 errefuxiatu hartzeko ahalmena dauka
Alemaniak zenbait urtez jarraian 500.000 errefuxiatu inguru hartzeko gaitasuna daukala esan du Sigmar Gabriel kantzelariordeak. “Ez daukat inolako zalantzarik eta, agian, gehiago hartzeko ahalmena ere izango dugu”, erantsi du.
Alemaniako Gobernuak aurten 800.000 asilo-eskaera jasoko dituela espero du, iaz baino lau aldiz gehiago, hain zuzen ere.