Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakume bat hil dute, kale erdian, Castelldefelsen

Emakumeak 40 bat urte zituen, eta kaletik zihoala eraso dio, ustez, bikotekide ohiak. Gizona atxilo eraman dute. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.

Poliziako agenteak, hilketa jazo deneko tokian. Argazkia: EFE.
Poliziako agenteak, hilketa jazo deneko tokian. Argazkia: EFE.
Bikotekide ohia hil du ustez gizon batek Castelldefelsen

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko batek bikotekide ohia hil du, ustez, kale erdian Castelldefelsen (Bartzelona), sastadaka, ikerketaren arduradunek EFEri baieztatu diotenez. Gizonezkoa atxilo eraman dute. Dirudienez, biktimak ez du inoiz haren kontrako salaketarik jarri, eta erasotzaileak ez omen du aurrekaririk, Kataluniako Poliziak Europa Pressi esandakoaren arabera.

Asteazken goizean, 07:00ak jo baino lehentxoago, hil omen du. Emakumea kaletik zihoala, gizonezkoa hurbildu egin zaio eta sastakatu egin omen du. Biak omen dira Castelldefelsekoak; biktimak 40 bat urte zituen eta erasotzailea haren bikotekide ohi bat da, antza.

Erasotzailea bizilagun batzuek atxiki omen dute, eta Udaltzaingoak atxilotu du, baina Kataluniako Poliziaren esku utzi du ondoren. Esquadra Mossoek ikerketa abiatu dute, gertaturikoa argitzeko.

Hilketa Pietat kalean jazo da, Vista Alegre auzoan, udalerriko gaztelutik gertu. Langile-auzoa da, eta jende asko bizi da bertan.

Castelldefelsen, aste bakar batean, indarkeria matxistako bi kasu izan dira; joan den astean, gizon batek tiroka hil zituen emaztea eta seme-alabak, bere buruaz beste egin aurretik. Emakumeak 45 urte zituen, semeak 12 eta alabak 7.

Emakume bat hiltzen saiatu da bere bikotekide ohia Ciudad Realen

Bestalde, emakume bat hiltzen saiatu da bere bikotekide ohia Ciudad Realen. Guardia Zibilak 36 urteko Boliviako gizonezko bat atxilotu du Terrassan (Bartzelona), bikotekide ohia Ciudad Realeko La Solanan duen etxean hiltzen saiatzea egotzita. Gizonezkoa Ayamonten (Huelva) bizi da.

Guardia Zibilak jakitera eman duenez, indarkeria matxistako kasu hau abuztuaren 2an jazo zen. Erasotzailea biktimaren etxean sartu zen leiho batetik, eta soka bat erabiliz itotzen eta behartzen ahalegindu zen, baina ez zuen lortu.

Ihes egiten zuen bitartean, gizonezkoak min hartu zuen hanka batean, eta beste bikotekide ohi baten etxean ezkutatu zen. Bertan atxilotu dute, bikotekide ohia hiltzen saiatu izana egotzita, eta hiru aldiz urratu duelako harengana gerturatzea debekatzen dion agindua.

Babesteko agindu hori gorabehera, eta beldurrak eraginda, emakumeak jarraitzen zuen harremana izaten erasotzailearekin, mehatxupean; izan ere, familiako kide batzuk hilko zizkiola esaten omen zion erasotzaileak biktimari.

Ciudad Realeko Guardia Zibilak Huelva eta Bartzelonako agenteen laguntza ere izan du hura aurkitu eta atxilotzeko.

________________________________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Tratu txarrak umeak Indarkeria matxista Espainian