Gizartea -
Moraña
Behin behineko espetxealdia alabak ustez hil zituen gizonarentzat
Gizonak lau ordu baino gehiago eman ditu epaitegian; fiskalak, gainera, bi gizahilketa egozteko zantzuak daudela baieztatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Morañako (Pontevedra) neskatoen hilketa bikoitzaren auziaren epaileak behin behineko espetxealdia, komunikatua, eta fidantzarik gabekoa ezarri du David O.R. ustez bere bi alabak hil zituen gizonarentzat, bi hilketa delitu leporatuta, Alejandro Pazos fiskalak hala eskatu eta gero.
Caldaseko Epaitegietatik irten denean fiskalak hedabideen aurrean azaldu duenez, Fiskaltzak bi gizahilketa egotzita auzipetu dezaten eskatu du.
Horren harira, azaldu du gizahilketa delitutzat hartzea eskatuko dutela larrigarria dagoelako -ez du argitu zein den- baina nabarmendu egin du badaudela "zantzuak" David O.R. 40 urteko ustezko hiltzailea errunduntzat jotzeko. Caldaseko 1 zenbakiko Epaitegiak sekretua ezarri du.
Gizona eguerdian sartu eta 16:45ak aldera alde egin du Epaitegitik lau ordu baino gehiago eman eta gero. Akusatuak ez deklaratzeko eskubideari heldu dio.
David O.R. Caldas de Reiseko Epaitegira heldu da gaur, 12:30ak aldera, eta horretan tentsio handiko uneak bizi izan dira, hori dela eta.
Gizona Guardia Zibilaren auto kamuflatu batean heldu da, zenbait agentek babestuta, Pontevedrako Komandantziatik.
Ehun bat lagun zain zeuden bertan eta ustezko parrizidari "Hiltzaile", "Putakumea, "Lotsabakoa" eta "Zu hilko zaitugu" oihukatu diote.
Gainera, Epaitegian ere tentsio, haserre eta urduritasun handiko uneak bizi izan dira, hortaz, segurtasun indarrek esku hartu behar izan dute, zenbait pertsona poliziaren hesia pasatzen saiatu direlako eta guardia zibilei ere aurre egin diete.
Hilketen ustezko egileak gaur itzuli behar zizkion alabak haien amari -Rocio V.-, dibortziatuta zeuden orain dela urtebete baino gehiagotik.