Gizartea -

Sexu-erasoak

Baionako festetan gertatutako bi sexu-eraso ikertzen ari dira

17:30ean elkarretaratzea egin dute nekazarien txosnan egunotan izandako erasoak salatzeko. Mugimendu feministak, Baionako Gazte Asanbladak eta Aitzina gazte erakundeak deitu dute protesta.

Baiona. Artxiboko irudia. EiTB
Baiona. Artxiboko irudia. EiTB
Baiona. Artxiboko irudia. EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baionako fiskalak ikerketa jarriko du abian bestetan izandako sexu-erasoak direla eta, ETBk jakitera eman duenez. 17:30ean elkarretaratzea egin dute nekazarien txosnan egunotan izandako erasoak salatzeko. Mugimendu feministak, Baionako Gazte Asanbladak eta Aitzina gazte erakundeak deitu dute protesta.

Baionako prokuradoreak jakitera eman duenez, mutil bati eta bi neskari eraso egin diete Baionako festetan eta kasu horiek guztiak ikertzen ari dira. Bestalde, bortxatua izan zela salatu zuen 18 urteko mutilak salaketa kendu du eta salaketa faltsua esan zuela onartu du.

Gizon batek Baionako bestetan bortxaketa baten biktima izan dela salatu du Frantziako Polizia Judizialaren aurrean. Hain zuzen ere, bestetako lehen gauean beste gizon bati felazio bat egitera behartu zutela salatu du.

Bi emakume

Emakumeen kasuan, horietako bat Errobi ibaian aurkitu zuten: gizon talde bat harengana hurbildu eta erasoa izatearen beldurragatik ibaira jauzi egin zuen. Bigarren emakumea, berriz, kalean, lurrean aurkitu zuten. Kamiseta eta galtza urratuak zituen eta esperma zuen gorputz gainean.

Tamalez, jai hauetan sexu-eraso ugari jazo ohi dira. Horren ildotik, EiTBko lankide bati ere sexu-erasoa egin zioten, besten hasierari buruz informatzen ari zela.

Aurten kanpaina berezia abiatu dute, hiri osoan kartelak eta banderak jarrita, sexu-erasoak saihesteko. Gainera, 35 bideokamera jarri dituzte kale nagusietan.

Asteburuan dozenaka mila pertsona espero dira bestetan, eta agintariek errespetua eskatu dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Baionako bideoak