Gizartea -
Igande arratsalde honetan
Bardean zauritutako lagunarengatik elkarretaratzea egin dute Tuteran
Poligonoaren Aurkako Batzarrak deitutako elkarretaratzea izan da, joan den ostegunean Bardean tiro bat jaso zuen lagunaren auzia argitu dezaten eskatzeko.
EITB.EUS
Joan den ostegunean Bardean tiroz zauritutako lagun baten jazoeraren aurka protestatzeko elkarretaratzea deitu du igande arratsalde honetarako Tuteran Poligonoaren Aurkako Batzarrak. Horren harira, 50 bat lagun bildu dira Bardeako Elkargoaren egoitzaren aurrean.
Ostegunean izandako ezbehar horretan, Bardeako tiro eremuatik kanpo zegoela, pertsona batek tiro bat jaso zuen, hortik gertu maniobra militarrak egiten ari zirela. Aire-koarteleko osasun zerbitzuek artatu zuten zauritua. Zaurituak ezkerreko homoplatoaren erdialdean ebaki arin bat zuen.
Auzi horren inguruan eskainitako azalpen falta salatu nahi du Poligonoaren Aurkako Batzarrak. Halaber, nafarrak defendatzea eta tiro eremua eraistea eskatu die Nafarroako Foru Gobernuari eta Tuterako Udalari.
Batzarrak azpimarratu duenez, aurten tiro eremu inguruan gertatzen den bigarren jazoera "oso larria" da; izan ere, martxoan bi lagunek bi jaurtigai erortzen ikusi zuten.
"Bardeako herritarren eta turisten bizitza eta segurtasuna zenbatezina da", esan du Milagros Rubios Batzarraren bozeramaileak, "herritarren segurtasuna eta lasaitasuna eskatzen dugu Bardeako Parke Naturalean, Biosferako Natura-Erreserban, alegia".
Bestalde, 'Bardenas Orain!' Militarren Aurkako Batzorde-Ekimenak salatu duenez, "azpiegitura horiek tokiko herritarrentzat arriskutsuak dira, azken jazoerek erakutsi dutenez". "Gure lurraldeetan poligono militar horren presentziaren inguruko erabakia gure herriak hartzeko unea heldu da", gaineratu du. "Bardeko tiro-poligonoaren itxiera eskatzen dugu berriro", azpimarratu du talde horrek ohar baten bidez.
Osteguneko ezbeharrak Nafarroako Gobernu berriaren erreakzioa eragin zuen, eta bere kezka azaldu zuen "jazoera oso larrien aurrean". Halaber, PSNk eta Amaiurrek parlamentu-ekimenak iragarri zituzten bai Nafarroan baita Madrilgo Parlamentuan ere.