Gizartea -
Tiro-eremua
Aire Armadaren maniobrek polemika sortu dute Bardean
25 hegazkin eta 2.000 soldadu baino gehiago ‘Ekaitza 2015’ ariketan parte hartzen ari dira tiro-eremuan. Eremuaren aurkako Asanbladak manifestazioa deitu du ekainaren 6rako.
Satur Leoz | Radio Euskadi
Maniobrek jarraitu dute gaur Bardeako tiro-eremuan. Aire Armadako 25 hegazkin eta 2.000 soldadu baino gehiago ‘Ekaitza 2015’ ariketan parte hartzen ari dira. Maniobrak ostiral honetan bukatuko dira.
Radio Euskadik jakitera eman duenez, Espainia osoko aire-baseetako F-5 ehiza-hegazkinak, bi C-16 Eurofighter eta F-18 hegazkinak ariketan parte hartzen ari dira. Maverick misilak, laser-bonbak, suziri antiaereoak eta babeserako bengalak jaurti dituzte azken hiru egunetan.
Armamentu mota hori erabiltzen duten aurreneko aldia da. Tiro-eremuaren aurkako Nafarroako Asanbladak maniobren aurka protesta egin du berriro; izan ere, tiro-eremua ixtea eskatzen bi hamarkada baino gehiago daramatza jadanik. ‘Ekaitza 2015’ ariketa ostiral honetan bukatzen da.
Soldadu bat lehergailuen eztandei begira Bardean (Nafarroa). Argazkia: EFE
Ekainak 6, manifestazioa
Tiro-eremuaren aurkako Asanbladak manifestazioa deitu du ekainaren 6rako, Bardeako eremuan tiro praktikak betirako amaitzea eskatzeko.
Tiro-eremua paradoxikoki biosfera erreserba da, baina 50 urte baino gehiago daramatzate maniobra militarrak bertan egiten.