Gizartea -
Dominikar Errepublika
Getxoko senar-emazte batzuk hil dira Punta Canan aireko istripu batean
Ezbeharra astelehenean gertatu zen, eta, orotara, zazpi pertsona hil ziren bertan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Getxoko (Bizkaia) senar-emazte batzuk hil dira Punta Canan (Dominikar Errepublika) hegazkin txiki bat erorita. Ezbeharra astelehenean jazo zen, eta, guztira, zazpi pertsona hil ziren bertan.
Hain zuzen ere, istripu horretan hildako bi getxoztarrak Javier Izquierdo Diez eta Maria Dolores Villarreal Lain dira. Egun batzuk pasatzen ari ziren Punta Canako hotel batean, eta txango bat kontratatu zuten hegazkin txiki batean Samana uhartera joateko.
Hegazkina Punta Canako nazioarteko aireportutik abiatu, eta handik 20 kilometrora dagoen golf-zelai batean erori zen, "Cocotal Golf and Country Club" urbanizazioan.
Aire Nabigazioaren Zuzendaritzak egindako lehen ikerketen arabera, pilotua larrialdiko lurreratzea egiten saiatu zen golf-zelaian, akatsen bat atzeman baitzuen, baina talka egin zuen inguruan zeuden zuhaitzen aurka.
Getxoko bizilagunekin batera, Boliviako bi, Erresuma Batuko bi eta Dominikar Errepublikako bat (pilotua) ere hil ziren.