Gizartea -
‘Iñigo Gogoan’
Iñigo Cabacas hil zuen tiroaren ustezko egilea identifikatu dute
Azkenean ‘Ugarteko’ ertzaina, lekuko gisa bada ere, deklaratzera deitzea espero du Jone Goirizelaia abokatuak; izan ere, Ertzaintzaren dispositiboa koordinatu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea, 2012ko apirilean, Bilbon, hil zuen tiroaren ustezko egilea identifikatu dutela adierazi du Jone Goirizelaia abokatuak. Talde zuri-gorriak eta Schalke O4 Alemaniako taldeak jokatutako norgehiagoka amaitu eta gero gertatu zen hilketa. Gainera, azkenean Ugarteko ertzaina, lekuko gisa bada ere, deklaratzera deitzea espero du Goirizelaiak. Dispositiboa koordinatu zuen ertzainak.
?Iñigo Gogoan? plataformak eta Cabacasen lagunek prentsaurrekoa eman eta gero, adierazpenak egin ditu Goirizelaiak kazetarien aurrean. Apirilaren 11n ekitaldia egingo dute Maria Diaz de Haro kalean, Ertzaintzak karga egin zuen tokian.
Gainera, jarraitzaile zuri-gorriari eta Aitor Zabaletari apirilaren 29an, San Mamesen, omenaldia egiteko eskatu diote Athletici. Zabaleta Vicente Calderon futbol-zelaiaren inguruetan hil zuten 1998an. Realak eta Athleticek jokatu beharreko euskal derbia aprobetxatu nahi dute omenaldia egiteko.
Bilboko epaitegi bat egiten ari den ikerketa hizpide izan du Cabacasen familiako abokatuak. Hiru urte geroago, gomazko pilotekin egindako tiroen ustezko egileetako bat identifikatu dutela azaldu du Goirizelaiak.
?Tiro egin zuela onartu zuen pertsonetako bat bertan zegoela egiaztatu dute adituek egindako frogek; tiro egin zuten distantziaren eta perimetroaren barruan?, esan du abokatuak.
Goirizelaiaren hitzetan, ?datu oso interesgarria eta garrantzitsua da ikerketari begira, eta prozedura aldatzeko eta ahozko epaiketa hastea eskatzeko orduan?, ikerketan aurrera egiteko eta tiroaren ?egilea? zehazteko.
Ugarteko
Ugarteko ezizeneko ertzaina, lekuko gisa bada ere, azkenean deklaratzera deitzea espero du Jone Goirizelaiak. Ugarteko-k dispositiboa zuzendu zuen Deustuko polizia-etxetik, abokatuak ziurtatu duenez.
Polizia operazioan parte hartu zuten agintariek inputatu gisa deklaratu beharko luketela uste du Goirizelaiak, ?euren eskubideak bermaturik izateko eta prozeduran nahi bezala ekin ahal izateko?.