Gizartea -
Polizia operazioa Ceutan
'Atentatua egiteko prest' zeuden bi ustezko jihadista atxilotu dituzte
Barne Ministerioaren arabera, gaur atzemandakoak urtarrilean atxilo hartutako beste lau usteko ekintzaileen talde berekoak ziren.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak bi ustezko jihadista atxilotu ditu gaur goizaldean Ceutan. Barne Ministerioaren arabera, "atentatuak egiteko prest zeuden biak".
04:00etan abiatu da polizia operazioa. Espainiako Barne Ministerioak ohar batean adierazi duenez, "Espainian atentatuak egiteko gaitasuna zuen talde bateko kideak ziren biak".
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Pablo Ruz Instrukzioko 5. Epaitegi Zentraleko buruak zuzendutako eta koordinatutako ikerketaren ondorioz atxilotu dituzte.
Operazioa zabalik dago oraindik, eta agenteek bi etxebizitza miatu dituzte Ceutan, Barne Ministerioak zehaztu duenez.
Urtarrilaren 24an egindako beste operazio baten segida da gaurkoa. Orduko hartan, lau ustezko ekintzaile atxilotu zituzten, eta gaur atzemandako biak talde bereko kideak direla uste du Poliziak.