Gizartea -
Ekitaldia Sevillan
Mariano Rajoy: 'Ez gara Syrizak sortu duen frustrazioaren erantzule'
Espainiako Gobernu presidenteak baieztatu duenez, Espainiak greziarrei gauzak ondo joatea nahi du. Gainera, Espainia greziarrekin solidario izan dela eta izaten jarraituko duela azpimarratu du.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteak adierazi duenez, Espainiak Greziari gauzak ondo joatea opa dio eta, beraz, Estatu espainiarra "ez da Syrizak sortu duen frustrazioaren erantzule". Horren esanetan, Syrizak bete ezin ziren hainbat gauza hitzeman zituen, "frogatuta gelditu den bezala".
Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak "Atenasen kontrako ardatza" eratzea egotzi zien atzo Espainiari eta Portugali. Haren esanetan, Greziako gobernua botatzen saiatu dira, eta Eurotaldearekin zabaldutako negoziazioak porrotera eramaten ahalegindu.
"Kanpoan etsai bat bilatzea historian zehar askotan erabili izan den trikimailua da, baina ez ditu arazoak konpontzen, are gehiago, larriagotu egiten ditu. Arazoak konpontzeko modu bakarra serioak izatea eta egia esatea da, bete ezin duzuna ez hitzematea, ez baitago zure esku", gaineratu du.
Andaluziako Parlamenturako PPren 109 hautagaien aurkezpen ekitaldia egin dute gaur Sevillan eta bertan izan da Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea. "Ezker muturreko alderdiak erabaki du Portugalgo eta Espainiako Gobernuek dutela Greziako arazoen errua", gaineratu du.
Europar Batasuneko gainerako herriek bezala, Espainia greziarrekin solidario izan dela eta izaten jarraituko duela adierazi ostean, "argi hitz egin" behar dela azpimarratu du Rajoyk. "Ez gara Greziako ezker muturreko alderdiak sortu duen frustrazioaren erantzuleak", nabarmendu du.
Hala ere, Espainiak egin bezala, Greziak ere konpromisoak beteko dituela espero duela adierazi du.
Ez dela atzerrian "etsaiak" bilatzen ari erantzun dio Greziako Gobernuak Rajoyri
Grezia ez da atzerrian "etsaiak" bilatzen ari, Greziako Gobernuak Mariano Rajoyri gaur erantzun dionez. Izan ere, atzo Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak Espainiaren eta Portugalen kontrako egindako salaketei erantzun die gaur Espainiako Gobernu presidenteak.
"Greziako Gobernu berriak ez ditu Europako herrialdeak eta hiritarrak lagunkoi edo etsai gisa sailkatzen; beraz, Grezia ez da atzerrian etsaiak bilatzen ari, konponbideak baizik. Beraz, gaizki ulertuek ez diote elkarrizketari inolako mesederik egiten", adierazi dute Greziako Gobernu iturriek.