Gizartea -

Zentral Nuklearra

Garoñak minbizi kasuak areagotu ditu, Osakidetzako langileen arabera

Larunbatean Gasteizen egingo den manifestazioarekin bat egin dute osasun-langileek. Garoñaren eraginez, minbizi kasu gehiago atzeman dituztela salatu dute.

 

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Osakidetzako langileek Garoña behin betiko ixtea eskatu dute gaur.  Osasun-langileen arabera,  Garoñaren eraginez,  zentral nuklearraren inguruko herrietan  era askotako minbizi kasuak atzeman dituzte.

Elkarretaratzea egin dute Osakidetzako beharginek, goizean, Arabako hiriburuko Santiago Ospitalearen atarian. Datorren larunbaterako Garoñako zentral nuklearraren kontra Gasteizen deituta dagoen manifestazioarekin bat egin dute.  Dagoeneko, dozenaka alderdik, sindikatuk eta gizarte eragilek adierazi dute euren atxikimendua protestarekin.

Carlos III Osasun Institutuko Minbiziaren Unitateak 1999 eta 2001 bitartean egindako ikerketa baten ondorioak azaldu dituzte. Txosten horren arabera, sabeleko minbizia duten pertsonen kopurua batez bestekoa baino handiagoa da Garoña inguruko herrietan.

Halaber,  Garoña, Zorita eta Vandellos I zentral nuklearren inguruetan biriketako minbizi kasuek nabarmen egin dute gora azken bi hamarkadetan, ikerketa horretan jasotzen denez.

2012tik geldirik dagoen arren, Garoñakoa da behin betiko itxi ez den zentral bakarra, elkarretaratzearen antolatzaileen arabera.

"Erradiazioa pilatu" egiten dela gaineratu dute osasun beharginek eta, beraz, "osasunerako arriskua geroz eta handiagoa" dela. "Gizadiaren osasunerako areagotzen ari den arriskua da", zehaztu dute.

Chernobylgo zentral nuklearrak 9.000 minbizi kasu eragin zituela ekarri dute gogora, Munduko Osasun Erakundearen txosten bat aipatuz.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Minbizia argazkiak