Gizartea -

Iñigo Cabacasen heriotza

'Cabacasen heriotza eragin zuen kargak kale egin zuen uneren batean'

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak aitortu duenez, kargaren emaitza 'izan zena izan zen eta ez zen bilatutakoa izan'.

Beltran de Heredia Arkautiko zuzendariarekin eskainitako prentsaurrekoan. EFE
Beltran de Heredia Arkautiko zuzendariarekin eskainitako prentsaurrekoan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aitortu du 2012an Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen Ertzaintzaren kargak 'uneren batean kale egin' zuela. "Kargaren emaitza ikusita, huts egin zuen, baina ez zen bilatutako ezer izan", adierazi du.

Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak ostiralean onartu zuenez, "karga egiteko erabakia ez zen egokia izan". Hain justu, adierazpen horien inguruan galdetu diote gaur Beltran de Herediari Arkautiko Akademiaren jardunaldi batzuk aurkezteko ekitaldian.

Athleticeko zalearen heriotza eragin zuen Ertzaintzaren kargaren emaitza "izan zena izan zen eta ez zen bilatutakoa izan", esan du. "Emaitza ikusita, uneren batean kargak huts egin zuen. Emaitza hori, Ertzaintzaren zuzendariak esan zuen bezala, ez zen bilatutakoa izan", berretsi du.

Cabacasen heriotza auzibidean dagoela gogorarazi du Segurtasun sailburuak, eta, Beltran de Herediaren ustez, "epaileak egin behar du frogatutako gertakarien kontaketa, eta bizkor eta sakon egitea espero dut. Prozesua luze doala iruditzen zaigu", nabarmendu du.

Beltran de Herediaren esanetan, egun horretan "zer eta zergatik jazo zen" jakiteko beharrezkoa da ikerketa "zorrotza"ren emaitza "lehenbailehen" edukitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas Ertzaintza