Gizartea -
Atentatuaren ostean
'Charlie Hebdo' denbora gutxian agortu da Frantziako kioskoetan
Ilara luzeak egon dira saltokien aurrean. Ipar Euskal Herriko 1.000 aleak oso arin saldu dira. Arrakasta ikusita, bost milioi ale ipiniko dituzte salgai.
EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Charlie Hebdo-ren 12 langile hil eta 11 zauritu zituen atentatua gertatu eta astebetera argitaratu den aldizkari satirikoaren zenbaki berriari harrera beroa egin diote gaur Frantzian eta munduko beste hainbat tokitan. Hala, kioskoetara heldu ahala, agortu egin dira salgai ipinitako aleak eta ilara luzeak izan dira nonahi. Ipar Euskal Herrira heldutako 1.000 aleak arin batean saldu dira eta gauza bertsua jazo da Frantziako hiriburuan ere.
Parisen, 08:00ak baino lehen ia ale guztiak agortuta zeuden. Xabier Madariaga EiTBk Frantzian duen berriemaileak azaldu duenez, egunkari saltzaile batek 125 ale saldu ditu 10 minutuko tartean; beste batek bost minutu eskasetan banatu ditu eskura zituen 65ak.
Ilara luzeak izan dira kioskoetan eta, aldizkari agortuta zegoela iragarri ahala, jendez husten joan dira kaleak. #Charlie traola joera nagusi izan da Twitter-rren eta bertan, ilaren hainbat irudi eskegi dituzte erabiltzaileek. Adibiderako, hauek:
Egunkari saltzaile gehienek pertsonako ale bakarra banatu dute. Behin agortuta, datozen orduetan edo bihar aldizkari gehiago jasoko dituztela iragarri dute. Izan ere, aurreikusita zegoen bezala, Frantziako saltokietan bi hilabetez egongo da salgai 1.178 zenbaki historiko hau. Banatzaileak "pazientzia" eskatu die bezeroei eta aurreratu du lehen milioi aleengatik lortutako dirua aldizkaria finantzatzeko erabiliko dutela.
Frantziatik kanpo ere, ikusmina erabatekoa izan da. Hasiera batean, milioi bat ale kaleratuko zituztela iragarri zuten atentatutik onik atera ziren Charlie Hebdo-ren langileek, baina nazioartetik egindako eskari handia ikusita, hiru milioira igo zuten kopurua. Gaur, ordea, arrakasta ikusita, bost milioi ale argitaratzea erabaki dute.
eitb.eus aldizkaria erosten saiatu da Bilboko hiru saltokitan, baina ez du lortu.
Aldizkariaren zati bat gazteleraz irakurri nahi dutenek, El Pais egunkarira jotzea dute, Charlie Hebdo-ren erdiko bi orrialdeak kaleratu baititu. Gaztelerazko bertsioa osoa, berriz, "ostegun edo ostiralean" irakurri ahalko da, doan, Charlie Hebdo-ren webgunean, Carles Romeu marrazkilari katalana itzultzen ari da eta.
Kosta ala kosta, Charlie Hebdo-ren 1.178 zenbaki hau eskuratu nahi dutenek Interneten izan dezakete aukera. Kioskoetan 3 euro balio duen aldizkaria Ebay n (www.ebay.com) dago jada eskuragarri, 10 dolarretik 450ra doazen enkanteetan.
Mahoma, aldizkariaren azaleko protagonista
"Mahomet" (Mahoma) da, beste behin, Charlie Hebdo-ren azaleko protagonista. "Je suis Charlie" leloa (Ni naiz Charlie, egunotan adierazpen askatasunaren esaldia bilakatu dena) duen kartela du eskutan, eta goian, izenburu gisara, "Tout est pardonné" (Dena barkatua dago) irakur daiteke.
Aldizkariaren azala mundu zabaleko hedabideetan argitaratu zen atzo. Mundu arabiarrean erreferentzia diren komunikabideek, ordea, ez dute zabaldu. Frantzian, Kultu Musulmaneko Kontseiluak oharra kaleratu du gaur "lasaitasuna" eta erreakzio "hunkigarri edo inkongruenteak" ez egiteko eskatzeko. Izan ere, argitaratu baino lehen jada, musulmanen haserrea piztu du Charlie Hebdo-k.