Gizartea -
Erasoa Charlie Hebdo-ri
Manifestazioa egingo dute igandean Parisen, atentatua salatzeko
Ikusteko dago UMPk eta Fronte Nazionalak parte hartuko ote duten. Bestalde, Frantziako Gurtza Musulmanaren Kontseiluak manifestazioan parte hartzeko deia egin die fededun guztiei.
Erredakzioa
Frantziako alderdi politikoek eta elkarte zibilek manifestazioa antolatu dute iganderako Parisen Charlie Hebdoren kontrako erasoa salatzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko.
Hasiera batean larunbatean zen egitekoa manifestazioa, baina Manuel Valls lehen ministroak esan du "mobilizazio eta segurtasun baldintza onenak bermatzeko" igandera mugitu dutela.
Nicolas Sarkozy UMP oposizioko alderdi nagusiaren buruak eta aurreko estatuburuak iragarri du, François Hollande presidentearekin bildu ostean, manifestazioarekin bat egingo duela "baldintzak egokiak badira".
Ikusteko dago, era berean, Fronte Nazional ultraeskuindarrak ere "martxa errepublikarrean" parte hartuko duen, Errepublika plazatik Nazioaren plazara bidean.
Marine Le Pen Fronte Nazionalaren presidentea bihar goizean bilduko da Hollanderekin, Charlie Hebdoren kontrako erasoaren ondorioak aztertzeko, alderdi politiko guztiekin abian jarritako bilera-sortaren baitan.
Fronte Nazionala mobilizaziotik kanpo uzteko asmoa ote duen galdetuta, Vallsek erantzun du lehentasuna "batasun nazionala" dela, eta helburu hori lortzeko ezin dutela inor "baztertu".
Bestalde, Frantziako Gurtza Musulmanaren Kontseiluak manifestazioan parte hartzeko deia egin die fededun guztiei.