Gizartea -
Atentatua Parisen
Ertzaintzak alerta maila igo du Pariseko atentatuaren ondoren
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erabaki du Espainiako Barne Ministerioak atzo ezarritako alerta mailari eustea.
Erredakzioa
Ertzaintzak terrorismoari dagokion alerta maila igo du Pariseko Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatuaren ostean. Atzo, Espainiako Barne Ministerioak alerta maila 2tik 3ra igotzea erabaki zuen, eta gaur Ertzaintzak ere alerta maila modu berean igotzea erabaki du "egoera hau eragin duten baldintzak mantentzen diren bitartean".
Espainiako Barne Ministerioak atzo erabaki zuen, aldi baterako, terrorismoari dagokion alerta 3. mailara igotzea (5eko eskalan); orain arte alerta 2. maila altuan ezarrita zegoen.
Ertzaintzako arduradunek bilera egin dute gaur Erandioko egoitza nagusian, Pariseko atentatuaren ondoren sorturiko egoera ebaluatzeko eta jokabide irizpideak ezartzeko.
Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri hartu ditu, tartean, indar polizialen arteko komunikazioa handitzea, Pariseko atentatuaren ondoren sortutako egoeraren inguruan ateratzen den informazioa aztertzeko, baloratzeko eta berritzeko.
Onartutako beste neurrietako bat Ertzaintzaren unitate polizialei egoera hauetan hartu beharreko segurtasun neurriei berri ematea da.
Azkenik, badaezpadako segurtasun neurriak hartzea eta, egoerak hala eskatzen duenean, segurtasun neurriak areagotzea "beti ere zuhurtzia irizpideak kontuan hartuta".