Gizartea -
A-25 elkarrizketak
Tratu txarren emaileak, berriro hezten
Eusko Jaurlaritzaren Gakoa errehabilitatzeko programa genero indarkeriagatik kondenatutako pertsonei zuzenduta dago.
M. Izagirre | eitb.eus
Genero indarkeriagatik kondenatuta dauden pertsonek errehabilitatzeko aukera dute Euskadin. Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren baitan dagoen Gakoa programak horretarako aukera eskaintzen du. Genero indarkeriagatik kondenatuta daudenei espresuki zuzendurik dago.
Programa horren nondik norakoak ezagutu asmoz, eitb.eus ataria Manuel Valin Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendariarekin eta Jorge Freundenthal Pascual Gakoa ekimeneko psikologoarekin harremanetan jarri da.
Pertsonengan oinarrituta dagoen programa da Gakoa. Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren baitan garatzen da ekimena. Zerbitzu horrek bermatzen ditu komunitatearen aldeko lanak egiteko zigorrak, prestakuntza-edo bereziketa-lantegiak eginez bete daitezkeen zigorrak eta Euskadiko Epaitegiek eta Auzitegiek ezarritako segurtasun neurrien betetzea.
2012an jarri zuen Jaurlaritzak zerbitzua abian, eta besteak beste, genero indarkeriagatik kondenatutako pertsonak eta trafiko segurtasunaren aurkako delituengatik kondenatutako pertsonak artatzen ditu.
Emakumeen osotasun fisikoa eta psikikoa
Genero indarkeria delituengatik kondenatutako pertsonen errehabilitazio programa da Gakoa. Manuel Valin Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendariak eitb.eus atariari adierazi dionez, “helburu nagusia emakumeen osotasun fisikoa eta psikikoa bermatzea da”.
“Lan horren bidez ondorengoa lortu nahi da: gizonek gertatu denarekin ardura hartzea, emozio eta sentimenduetan sakontzea, indarkeriazko dinamikak bideratzea, genero indarkeriaren gaineko kontzientzia hartzea eta euren burua hobeto ezagutzea”, zehaztu du Valinek.
2013 urtean Gakoa programak 118 kasu berri artatu zituen. 14 Araban, 76 Bizkaian eta 28 Gipuzkoan. Programak 254 erabiltzaile izan ditu 2012tik hona. Batezbesteko egonaldia 12 hilekoa da gutxi gorabehera.
“Ez dago perfil bakarra”
Profesional eta psikologo talde bat arduratzen da Gakoa programako erabiltzaileak artatzeaz. Jorge Freudenthal Pascual psikologoa da, eta dionez, “erabiltzaileen artean ez dago perfil zehatzik”. “Gizarte, kultura eta ekonomia maila ezberdineko gizonezkoak dira, 21 eta 72 urte artekoak”, dio.
Psikologoaren arabera, genero indarkeriarekin amaitzeko ezinbestekoak dira kontzientziazioa, sentsibilizazioa, mobilizazioa eta ekintza. “Gizartean orokorrean soilik ez da eman behar hori, politikan, erlijioan, komunikabideetan eta teknologia berrietan eman behar da bereziki”, gaineratu du.
Gakoa programak hiru fasetan lan egiten du. Lehen fasea harrerakoa da eta informazioa bilatzen da banan-banan. Bigarren fasea taldean edo banaka egin daiteke. Hirugarren fasean, hasieran zehaztutako helburuak beteta, alta jasotzen du erabiltzailea eta jarraipena egiten da.
Freudenthalek baieztatu duenez, “arrakasta maila altua da” eta “emaitza positiboak ikusten dira parte hartu dutenen artean”. “Afektu, jokabide eta kognizio mailan gertatzen dira aldaketak”, gaineratu du psikologoak.