Gizartea -
Ebola
MSF erakundeko mediku nafarra obserbazioan dago, baina ez isolatuta
Mugarik Gabeko Medikuen boluntario bat Espainiaratu dute, ebola izateko arriskua dela-eta.
Erredakzioa
Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) Gobernuz Kanpoko Erakundeko mediku boluntarioa Madrilgo Carlos III.a ospitaleko seigarren solairuan dago, obserbazioan, baina ez isolatuta, erietxeko iturriek jakitera eman dutenez.
MSFko boluntario nafarra ostiral honetan Espainiaratu dute, ebolaz kutsatu izanarena arriskuagatik. Nafarroako medikua ebolaz kutsatutako orratzarekin sastatu zen. Hain zuzen ere, aurretik ebolaz kutsatutako materialarekin kontaktuan egondako orratzarekin sastatu zuen boluntarioak bere burua.
Kutsaduraren aurreneko 48 orduetan dagoenez, boluntarioak ez du sintomarik, ezta ebola beste pertsona bati kutsatzeko gaitasunik ere.
Malitik zetorren hegazkina 10:00etan iritsi da Madrilgo Torrejon de Ardoz basera. Madrilgo Osasun Saileko iturriek adierazi dutenez, ez da baieztatutako kutsadura kasua, baizik eta prebentziozko lekualdaketa. Hala, SUMMAko hiru anbulantzia igorri dituzte, eta horietako batean eraman dute boluntarioa erietxera. 10:45ean iritsi da.
Boluntarioak gaixotasuna garatu duenik esateko ziurtasunik ez dago, Fernando Simon ebola batzordeko kideak atzo Moncloan, prentsaurrekoan, azaldu zuenez.
Emakumea Bamakon (Mali) ari zen lanean. Eritasuna Afrikako herrialde horretan zabaldu da eta Atzerri Ministerioak bertara ez joateko gomendioa eman zuen kutsatzeko arriskuagatik.
Nafarroako Gobernua
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak, bestalde, ebolaz kutsatuta ez egotea espero duela adierazi du; horrez gain, boluntarioak arretarik onena jaso dezan Nafarroako Gobernuak egin beharreko kudeaketa lanak egin dituela adierazi du.