Gizartea -
Noos auzia
Cristina infanta, bi delitu fiskalengatik inputatua
Castro epailearen esku dago erregearen arreba auzipetuen aulkian eseriko den edo ez erabakitzea.
Erredakzioa
Cristina Infantak inputatuta jarraitzea erabaki du Palmako Auzitegiak, Noos auziarekin lotutako bi delitu fiskal egotzita. Hala, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak eta herri akusazioak eta akusazio partikularrek infantaren aurkako salaketa aurkezteko aukera izango dute, epaitua izan dadila eskatuz.
Dirua zuritu zuelakoan Jose Castro instrukzio-epaileak proposatutako inputazioa baina, artxibatzea ebatzi dute Monica de la Serna, Juan Jimenez eta Diego Gomez Reino magistratuek. Orain, Castro epailearen esku dago Cristina Borboikoa auzipetuen aulkian eseriko den edo ez erabakitzea, hori eskatu duena Manos Limpias herri akusazioa bakarrik izanda. Hau da, Espainiako Erregearen arrebari 'Botin Doktrina' aplikatu dakioke: horren arabera, pertsona bat herri akusazioaren eskariz soilik delitu fiskala egotzita inputatu denean, pertsona hori ez epaitzea erabaki dezake epaileak.
Castro epaileak ekainaren 25ean instrukzio fasea amaitutakoan kaleratutako idatziari 14 apelazio-errekutso aurkeztu zizkioten Noos auzian pertsonatutako aldeek , eta gaur kaleratutako autoan helegite horiek guztiak aho batez ebatzi dituzte Palmako Lurralde Auzitegiko hiru epaileok. Fiskaltzak eta Defentsak jarritako helegiteei dagokienean, berriz, zati bat bakarrik hartu dute aintzat, diru-zuritze delitua artxibatuta.
2007an eta 2008an Iñaki Urdangarin infantaren senarrak egindako hainbat operazio ekonomikoetan "laguntzaile" izan zelakoan inputatu zuten Cristina Borboikoa.
Errege Etxeak errespetua agertu du
Bien bitartean, Errege Etxeak "errespetua" adierazi dio "botere judizialaren independentziari".
Infantak ondorengotza eskubideei uko egingo ote dien galdetuta, erabaki hori infantari berari dagokiola erantzun du Errege Etxeko bozeramaileak.
Egun, Cristina infanta seigarrena da Felipe VI.aren ondorengotza ordenean.
Ogasun teknikariak, diru zuritze delituan absolbitzearen aurka
Ogasun Ministerioko teknikariek errefusatu egin dute infantari diru zuritze delituaren kasuan inputazioa kendu izana, Castro epaileak seinalatutako zantzuak delitu hori ere egozteko "nahikoak" direla uste baitute.
Teknikariek agiri batean gogorarazi dutenez, Aizoon konpainiaren "benetako helburua" Noos Institutuak modu irregularrean lortzen zituen funtsak jasotzea zen.
Halaber, babestu egin dute delitu fiskalen kasuan inputazioa mantendu izana, infantak Aizoonen zuen zeregina "funtsezkoa" baitzen iruzurra egiteko.
Infantaren abokatuak, pozik
Bestalde, Miquel Roca, Cristina infantaren abokatua, pozik agertu da, Auzitegiak diru zuritze delituan atzera egin duelako, eta delitu hori egotzitako "larriena" zela gogorarazi du.
Nolanahi ere, delitu fiskalen akusazioei eutsi izana deitoratu du, eta infanta akusatuen eserlekuan eseriko ote den zalantzan jarri du. "Ikusiko dugu instrukzio-epaileak zer-nolako kalifikazioa egiten duen epaiketa hastea agintzen duenean", gaineratu du.
Rocak ez du segurutzat eman infanta epaituko dutela, eta akusazio bakarrak herri akusazioak egiten badu, aurrera ez jarraitzeko aurrekariak badaudela aipatu du.