Gizartea -
Ebola
Ebolaren beldur, medikuek artatu ez zuten nigeriar bat hil da Madrilen
Gizonezkoa 50 minutuz izan zen lurrean etzanda eta dar-dar egiten.
Erredakzioa
Nigeriako gizonezko bat hil zen larunbatean Barajasko aireportuan (Madril), 50 minutu lurrean etzanda eta dardarka egon eta gero, osasun zerbitzuek uko egin ziotelako hura artatzeari, ebola izan zezakeen beldur.
Gizonak, baina, ez zuen ebolarik: gorputz barruan zeraman kokaina bola bat desegin zitzaion.
El Mundo egunkariak jakinarazi duenez, gizonezkoa 17:00etan iritsi zen Madrilgo aireportura, Turkiatik zetorren hegazkin batean, eta zerraldo erori zen berehala. Handik eta bi ordura hil zen.
Tarte horretan, gizonezkoa osasun arreta jaso barik izan zen 50 minutuz, aireportuko medikuak ez baitziren artatzera ausartzen. Horrenbestez, gaitz kutsakorretan adituak heldu ziren arte, gizonezkoa bakarrik utzi zuten, lurrean etzanda, hurbildu gabe ere.
Lehen ebola kasua New Yorken
Bestalde, lehen ebola kasua atzeman dute New Yorken, Bill de Blasio alkateak baieztatu duenez. Dena dela, ospitaleak gaixotasunari aurre egiteko "prest" daudela adierazi du.
Gaixoa Afrika mendebaldean izan den mediku bat da. Urriaren 14an iritsi zen AEBra, Gineatik, eta atzo bakartu zuten, positibo eman baitu ebola proban.
Agintariek azaldu dutenez, horren bikotekidea eta bi lagun ere bakartu dituzte, badaezpada, baina oraingoz ez dute sintomarik.
AEBko laugarren ebola kasua da, eta New Yorkeko lehenengoa.
Gaixotasun horrek 4.900 pertsona hil ditu Liberian, Sierra Leonan eta Ginean.