Gizartea -

Gipuzkoa

Zulo handia zabaldu da AHTko lanetan, Hernialden

Horrelako hondoratzeak "ohikoak" direla eta jada konponduta dagoela esan du Eusko Jaurlaritzak. Anoetako tunela egiten ari diren gunean zabaldu da.

Zuloa "estalita" dagoela agertu du Jaurlaritzak. Argazkia: Tolosaldeko Ataria
Zuloa AHTko lanetan
Zuloa "estalita" dagoela agertu du Jaurlaritzak. Argazkia: Tolosaldeko Ataria

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi metroko sakonera zuen zulo bat zabaldu zen urriaren 7an AHTko lanetan, Hernialden. Anoetako tunela zulatzen ari diren tokian gertatu zen, Tolosa eta Zizurkil artean (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez. Zuloa zabaldu zenean ez zegoela inor lanean gaineratu dute.

Tunelak zulatzeko lanak egiten direnean "ohikoak" dira horrelako hondoratzeak, Jaurlaritzaren arabera.

Zuloa zabaldu zen ingurua itxi eta estali egin zutela azaldu dute.

Zuloaren agertzea 'estali' dela salatu du EH Bilduk

Duela bi aste AHTko lanetan, Hernialden, zabaldutako bi metroko sakonerako zuloa "estaltzea" egotzi dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari.

Oskar Matute eta Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Eusko Legebiltzarrean, eta Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila kritikatu du gertakariaren berri ez emateagatik.

EH Bilduk gertaera "oso larritzat" jo du "hiritarren eta langileen segurtasuna" arriskuan jarri duelako. Gainera, AHTko lanetan izan den lehen luizia ez dela gogoratu dute, izan ere, beste bat izan zen Zumarragako tunelean maiatzan.

Matutek eta Maeztuk ikerketa geoteknikoak huts egiten ari direla eta ez dutela ezertarako balio izan salatu dute. Horren ondorioz, hiritarrak arriskuan jartzeaz gain, proiektua garestitu dela gaineratu dute.

"AHTren zulo ekonomikoa zulo fisiko bilakatu da Hernialden", adierazi dute Matutek eta Maeztuk. Amaitzeko, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu dute, zerk huts egin duen azaltzeko eta luizi berriak saihesteko hartuko dituzten neurriak iragartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea