Gizartea -
Ebola
Dallasko transmisio kasuan protokoloa 'hautsi' zela aitortu du AEBk
Osasun agintariak ebolaz kutsatu den osasun langilearekin kontaktua izan duten pertsonak identifikatzen ari dira.
Erredakzioa
Tom Frieden Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko AEBko Zentroko (CDC) zuzendariak aitortu egin du segurtasun protokoloa "argi eta garbi" hautsi dela Dallasko ebola transmisio kasuan.
Atzo, Thomas Eric Duncan AEBn ebolaz hildako lehen pertsona artatu zuen osasun langile batek positibo eman zuen ebola proban. Afrikatik kanpo jazotako bigarren transmisio kasua izan da, Teresa Romero erizain laguntzaile espainiarren kasuaren ostean. "Oso kezkatuta gaude", adierazi du Friedenek.
Horren esanetan, osasun langilea bere burua aztertzen ari zen lehen sintomak atzeman zituenean. Une horretan bertan, bere burua bakartu zuen, eta ospitalean gauza bera egin zuten ondoren. Ostiralean jakinarazi zuen sintomak zituela, eta asteburuan baieztatu dute ebola duela.
Orain, langile horrekin kontaktua izan duten pertsona guztiak identifikatzen ari dira agintariak.
Thomas Eric Duncan (42 urte) asteazkenean hil zen ebolaz. Lehen sintomak irailaren 25ean atzeman zizkioten, baina medikuek etxera bidali zuten. Handik eta hiru egunera ospitaleratu zuten, eta urriaren 8an hil zen. AEBn atzemandako lehen ebola kasua izan zen. Liberian kutsatu zen.
Guztira, 50 pertsonak artatu zuten.