Gizartea -
Ebola pandemia
Erizaina aurpegia eskularruekin ukituta kutsatu zela ematen du
Teresa Romero erizainak azaldu duenez, Manuel Garcia Viejo misiolaria artatu eta gero, antza denez, eskularruekin bere aurpegia "halabeharrez" ukitu zuen.
Erredakzioa
Teresa Romero erizaina eskularruekin aurpegia ukitu ondoren ebolarekin kutsatu zen. Manuel Garcia Viejo elizgizona artatu eta gero, jantzi babesgarria kendu zuenean, antza denez, eskularruekin bere aurpegia ukitu zuela onartu du erizainak. Garcia Viejo ebolak jota hil zen Madrileko Carlos III ospitalean.
German Ramirez La Paz ospitaleko Barne Medikuntzako doktoreak kazetarien aurrean azaldu duenez, modu horretan kutsatu zela uste du pazienteak.
Nahiz eta Romero "hainbat telefono deirekin" nahastuta egon, "ezbehar" hori gertatu zatekeela azaldu du, Ramirezen ahotan. Misiolaria artatu eta gero, eskularruekin aurpegia ukitu zuela uste du erizainak.
Erizainarekin behin baino gehiagotan hitz egin duela esan du Ramirezek. "Hutsuneren" bat egon zitekeen jakin nahi zuen eta erizainak informazio hori emateko baimena eman dio.
Hanka-sartzerik izan ez dela nabarmendu nahi izan du Ramirezek; izan ere, "zerbait gaizki dagoela jakinik egin ez duelako". Istripu bat izan dela azpimarratu du. Hasiera batean, gertatutakoa "ez du gogoratu", erantsi du.
Javier Rodriguez Madrilgo Osasun kontseilariaren hitzetan, erizainak ospitaleratu baino lehen artatu zuten medikuei "gezurra esatea" posible litzateke.
Hala ere, adierazpenak "bere baitarik" egin dituela zehaztu du Rodriguezek. Kutsadura Romeroren erantzukizuna ez dela erantsi du, ez delako arduragabekeria izan, istripu bat baizik.
Bestalde, kutsatutako erizainaren kasuan gertatutakoa argitzeko ikerketa zabaldu du Madrilgo Fiskaltzak. Delituren bat dagoen aztertzeko asteartean ikerketa zabaldu zutela jakinarazi du Jose Javier Polo Madrilgo fiskal nagusiak.
German Ramirez La Paz ospitaleko Barne Medikuntzako doktorea. Argazkia: EFE
Sei lagun, ospitalean
Alcorconeko anbulatorioaren Lehen Arretako doktorea eta Alcorconeko ospitaleko mediku bat, eta baita Manuel Garcia Viejo misiolari bat artatu zuen beste erizain bat ere, gauean ospitaleratu dituzte.
Horrela, azken balantzearen arabera, sei pertsona daude Carlos III ospitalean.
Azken bi kasuak bi mediku eta erizain bat dira; izan ere, gauean ospitaleratu dituzte. Medikuek ez dute sintomarik azaldu, baina prebentziorako ospitaleratu dituzte.
Bestalde, Manuel Garcia Viejo artatu zuen erizaina azterketa kasuen solairuan ospitaleratu dute. Birusa ote duen egiaztatzeko lehen proba egin behar diote.
Teresa Romero ebolaz kutsatutako pertsona bakarra da Espainian. Carlos III ospitalean dauden beste bi osasun-langileek eta ingeniari espainiarrak negatibo eman dute probetan. Asteazken honetan ospitaleratu duten erizainari, aldiz, probak egin behar dizkiote oraindik.
Bestalde, Teresa Romeroren senarra, Javier Limon, zentro berdinean zaintzapean dago, nahiz eta eritasunaren sintomarik ez izan. Limonek pazientearekin harreman zuzena izan zuen eta 21 egun emango ditu zaintzapean, Yolanda Fuentes Carlos III ospitaleko zuzendariordeak gaur azaldu duenez.
Era berean, astelehen gauean ospitaleratutako beste erizain bat Carlos III ospitalean dago. Ebolak kutsatutako elizgizonetako bat artatu zuen, baina lehen proban negatibo eman du erizainak. Hala ere, aurreko kasuan bezalaxe, beste 72 ordu igaro ondoren, alta emango diote.
Azkenik, beste erizain bat ospitalera heldu da gaur goizean. Bi elizgizonak artatu zituen talde medikoan parte hartu zuen eta kutsatutako erizainarekin egon zen Espainian. Ebola proba oraindik ez diote egin, Yolanda Fuentes baieztatu duenez.
Hala ere, bart ospitaleratu zuten erizainari alta eman diote ebola probetan negatibo eman eta gero. Sukar txikiarekin heldu zen eta bi elizgizonen Espainiaratzean parte hartu zuen, segurtasun dispositiboan, hain zuzen ere. Nigeriatik heldu zen ingeniariari ere alta eman diote bigarren proban ere negatibo eman eta gero.
Informazio gehiago
Bestalde, osasun-langileei eta ebola dagoen zonetatik itzultzen diren bidaiariei informazio gehiago ematea erabaki du Europar Batasunak (EB). Helburua ebola kasuak ahalik eta lasterren antzematea da. Osasun Segurtasunerako Batzorde Europarrak bilera egin du gaur.
Estatu kideen, Europako Batzordeko, Eritasunen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentroaren (ECDC) eta Munduko Osasun Erakundeko adituek bileran parte hartu dute. Batzordea bi egun lehenago egin dute Espainiako kasua aztertzeko.
Polizia manifestari bat eramaten. Argazkia: EFE
'Excalibur' hil dute
Kutsatutako erizainaren zakurra hil egin dute, Javier Rodriguez Madrileko Osasun kontseilariak gaur ziurtatu duenez.
"Zoritxarrez, ez zegoen beste aukerarik", adierazi du kontseilariak. Unibertsitateko furgoneta batek zakurra eraman du, erizainaren etxearen aurrean bildutako manifestarien protesten artean. 'Excalibur' ez hiltzeko eskatu dute.
Pertsona ugari zakurraren irteeraren zain zeuden, baina hilik ala bizirik atera duten ez dute ikusi, Poliziak etxea inguratu duelako eta suhiltzaileen kamioi bat aurrean zutelako.
Zakurra etxetik atera dutenean sortu den zalapartan 30 bat urteko gizon bat zauritu da, lurrera erori eta buruan kolpe bat hartu eta gero.