Gizartea -
Change.org orrian
Martxan da Excalibur txakurra sakrifikatzeko prozesua
Txakurra isolatzea baina ez hiltzea eskatzen ari dira internautak. Dagoeneko beharrezkoak ziren 300.000 sinadurak lortu dituzte.
Erredakzioa
Madrilgo epaileak baimena eman die Osasun arloko arduradunei erizainaren etxean sartu eta Excalibur ebola duen erizainaren txakurra sakrifikatzeko. Izan ere, suhiltzaileak eguerdian sartu dira erizainaren etxera, Excalibur txakurra eramateko. Oraindik ez dira etxebizitzatik atera, eta kanpoaldean dozenaka manifestari, bizilagun eta polizia daude.
Etxe barruan Excalibur bakarrik egon da, baina datozen egunetarako janari eta edari nahikoa du, bere jabearen esanetan.
Goizean zehar, bizilagun eta animalien defendatzaileek elkarretaratzea egin dute erizainaren etxe aurrean, txakurra etxetik ateratzeko lanak oztopatzeko.
Hala ere, Polizia etxebizitzara bertaratu eta, banan-banan, manifestariak atera egin ditu. 'Excalibur, ez zaude bakarrik' edota 'Ana Mato dimisioa' oihuak entzun dira goizean zehar, eta poliziaren eta manifestarien artean tentsio uneak bizi izan dira. Bien bitartean, suhiltzaileak etxebizitzara sartu dira, animalia ateratzeko.
Babesa Internetetik
Excalibur, ebola duen erizainaren txakurra, ez sakrifikatzeko, kanpaina bat jarri dute martxan Interneten, change.org web orriaren bitartez. Guztira 300.000 sinadura bildu nahi zituzten, txakurra hil ez dezaten, eta dagoeneko kopuru hura gainditu egin dute.
Txakurra isolatzea eta ez sakrifikatzea eskatzen ari dira internautak.
Ekimena Carmen Sánchez Montañesek abiatu du, eta animalien defendatzaileei ekimenarekin bat egiteko deia egin zuen atzo, familiak txakurra "kapritxo batengatik" gal ez dezan. Erizainaren senarrarekin egin duten bezala, txakurra isolatzea hiltzea baino "errazagoa" dela argudiatu du Sánchez Montañesek.
Excalibur txakurra. Argazkia: change.org
Javier Limon erizainaren senarrak mezu bat zabaldu zuen atzo sare sozialen bidez, txakurra bizirik mantentzeko eskatuz.
Twitterren #SalvemosaExcalibur etiketa trending topic izan da gau osoan.