Gizartea -
Abortuaren legea
Abortuaren legea indargabetzeko eskaria egin diote Rajoyri
Hauteskunde kanpainan emandako hitza betetzen ez badu, botoak galduaraziko dizkiola ohartarazi du Bizitzaren Aldeko Mugimenduak.
Erredakzioa
Bizitzaren aldeko manifestazioak egin dituzte igande honetan Espainiako 64 hiritan, eta hauteskundeetan emandako hitza betetzeko eta Gobernu sozialistak onartutako Abortuaren Legea indargabetzeko eskatu diote manifestariek Mariano Rajoyri. Bizitzaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, Rajoyk hitza betetzen ez badu "datozen hauteskunde orokorrak ez irabazteko" kalean mobilizazioak egingo dituzte.
Ehunka lagunek parte hartu dute Madrilen "Epe gehiagorik ez, abortua baliogabetu orain" lelopean egin den manifestazio nagusian.
Bizitzeko eskubidea elkarteko bozeramaileak "aurpegia emateko, legearekin zer egiteko asmoa duen esateko eta hauteskundeetan emandako hitza betetzeko" eskatu dio Rajoyri.
"Gizaki baten bizitza ez dela salerosten eta bere traizioaren kontra kalera atera garen espainiarrak hurrengo hauteskundeetan babesa kentzeko prest gaudela esan nahi diogu", gaineratu du.
Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroaren balizko dimisioaz galdetuta, berak zinez pentsatzen duena egin behar duela adierazi du. Abortuaren Lege Erreformaren izapideak egiten "denbora asko" pasatu dutela onartu badu ere, haren ustez "Rajoyk erabaki behar du aurrera egin ala ez".