Gizartea -
Adierazpen polemikoak
Marotok etorkinei buruz esandakoak ikertuko dituzte
Marotok adierazi du errespetuz hartu duela EAEko fiskal nagusiaren erabakia eta lasai dagoela, ez baitu uste deliturik egin duenik.
Erredakzioa
Juan Calparsoro Euskadiko Fiskal Nagusiak Javier Maroto Gasteizko alkateak, joan den uztailean, etorkinei buruz egindako adierazpen polemikoak ikertzeko prozesua abian jarri du, Ser irrati-kateak argitaratu duenez. Gizarte laguntzen kontura bizitzea egotzi zien Marotok etorkinen kolektiboari. Adierazpen horien ondoren, SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri elkarteek ikerketa abiarazteko eskatu zioten fiskalari.
Adierazpen polemiko horiek egin eta egun batzuetara, berretsi egin zituen bere hitzak Marotok, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. 'Egia handia da" etorkinen kolektiboak, marokoarrak eta aljeriarrak, esaterako, hiritar "guztiek" ordaintzen dituzten "zerbitzu sozialen kontura' bizi direla, esan zuen. Bere asmoa hori aldatzea zela nabarmendu zuen.
Gasteizko Udaleko oposizioko alderdiek guztiek, EH Bilduk, EAJk eta PSEk, Marotoren hitzak salatu zituzten.
Maroto, lasai
Marotok, bestalde, esan du errespetatuz hartu duela EAEko fiskal nagusiaren erabakia eta lasai dagoela, ez baitu uste deliturik egin duenik.
Alkatetzatik zabaldu dutenez, PPren alkatea lasai dago, ez duelako uste delitua denik esandakoa, eta aurreratu dute Fiskaltza Nagusiak eskatzen duen material guztia igorriko diotela.