Gizartea -
Gutun irekia
Munillari Gipuzkoako Elizbarrutia 'zatitzea' leporatu diote 96 apaizek
Gipuzkoako 96 apaizek gutun bat bidali diote Jose Ignacio Munilla gotzainari eta, azken bost urteotan, “elizbarrutia zatitzea” egotzi diote.
Erredakzioa
Gipuzkoako 96 apaizek gutun bat bidali diote Jose Ignacio Munilla gotzainari eta, azken bost urteotan, “elizbarrutia zatitzea” egotzi diote.
Gutuna gaur goizean eraman dute Donostiako Gotzaindegira. Dokumentua sinatu dutenen artean, bost artzapez eta 42 erretore daude, baita zenbait apaiz-laguntzaile eta erretiratu batzuk ere.
Elizbarrutiari “kalte handia” egin diola azpimarratu dute apaizek, “Elizbarrutia bere feudotzat hartu eta nahi duena nahi duen eran” eginez.
1980tik jarraitu duten pastoralgintza kontuan ez izatea ere egotzi diote apaizek gotzainari. Pastoralgintza horretan agertzen diren puntuetatik, asko ez dituela bete azpimarratu dute: “Gure herriaren baketze arazoaren inguruan egindakoa eta esandakoa; aurretik jarritako zenbait arduradun eta langile eliz-erakundeetatik kendu edo botatzea; beste Elizbarruti batzuetako, batez ere Toledoko, zenbait apaiz besterik gabe hartu izana..”, zerrendatu dute.
“Aipagarriak baita ere Munilla Gotzainaren azken erabaki batzuk. Adibidez, zenbait apaizek jasan duen presioa izendapen berriak direla eta; parroki-elkarte batzuk ez dira sentitu errespetatuak eta inola ere kontsultatuak; ezta ere Elizbarrutiko Apaiz Kontseilua eta Artzipresteena kanpoko apaizak hartzerakoan, nabarmendu dute.
Bestalde, euskararen erabileraz, eta Gipuzkoako bizilagunak “gero eta euskaldunago direnean”, Elizbarrutian “gaztelania gero eta indartsuagoa” dela salatu dute.
“Jokaera hauen ondorioz, Elizbarrutia desitxuratzen eta desegiten ari da. Elizkide asko deseroso dago Munillaren eliz estiloarekin, ohartarazi dute.
Jose Ignacio Munillak bost urte beteko ditu aurki Donostiako gotzain bezala, “eta Elizbarrutia zatitu” besterik ez duela egin esan du. “Noiz arte honela?”, galdetu diote Munillari.