Gizartea -
Aldi berean bildu dira
Abortuaren erreformaren aldekoak eta aurkakoak batu dira Kongresuan
PPko diputatu eta senatariek Gallardonen aurreproiektua defendatu dute Kongresuan; Pedro Sanchez sozialista abortuaren aldeko jardunaldietan izan da.
Erredakzioa
Jose Eugenio Azpiroz PPko diputatu eta Bizitzaren eta Familiaren aldeko Munduko Parlamentarien Ekintzako idazkari nagusiak kritikatu du Kongresuak abortuaren aldeko jardunaldiak hartu izana aurrez deitutako bizitzeko eskubidearen aldeko jardunaldiekin batera.
Eztabaidagai berdina baina ikuspuntu ezberdina duten bi jardunaldi izan dira gaur Kongresuan: batek Gobernuak bultzatutako abortuaren erreforma defendatzea du helburu; besteak, aldiz, haurdunaldia etetea emakumearen eskubide gisa ikusten du.
"Ulertzen ez dudana, hainbeste denbora izanda, biak egun eta leku berean izatea da. Ez dut ulertzen eta ez dut konpartitzen", adierazi du Azpirozek.
Gallardon ez da agertu
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroa bizitzaren aldeko jardunaldietara agertu ez izanari garrantzia kendu dio Azpirozek.
Aurreproiektuari erabateko babesa eman dio PPko diputatuak, egungo legedian "funtsezko aldaketa" bat sartu eta abortua eskubide bat denaren printzipioarekin amaituko baitu; Azpirozen ustez, "edozein emakumerentzat zorigaitza da abortua".
"Gobernuaren Lege proiektua ikusteko zain gaude, baina aurreproiektuaren bide beretik joango dela uste dugu", azaldu du.
Bizitzeko Eskubidearen aldeko Nazioarteko Topaketan PP alderdiko diputatuak, senatariak eta erkidegoetako parlamentariak bildu dira, baina Europako eta Ameriketako dozena bat herrialdetako kargu publikoak ere, hala nola, Erresuma Batukoak, Italiakoak, Frantziakoak, Portugalgoak, Txekiar Errepublikakoak, Ekuadorrekoak eta Mexikokoak.
Pedro Sanchez, abortuaren aldeko ekitaldian
Pedro Sanchez PSOEko Madrilgo diputatu eta alderdiko Idazkaritza Nagusirako hautagaia Kongresuko abortuaren aldeko mintegian izan da. Alderdi sozialista zuzentzeko hautagaiak Alberto Ruiz-Gallardonek bultzatutako lege erreforma salatu du, "kontraerreforma bidegabea eta hipokrita" dela esanez.
Ikusmin handia piztu du Sanchezen agerraldiak, bertan hamar minutu baino igaro ez dituen arren. Mintegitik irtetean, abortu "legala eta segurua" defendatzera eta emakumeen eskubide eta askatasunetan "50 urte atzera" egitea nahi duen Gobernuaren proiektua salatzera gerturatu dela esan du.