Gizartea -
Marta del Castillo auzia
Carcañok orain dio Martaren gorpua Majaloban dagoela
Hala, berretsi egin du gertatutakoaz emandako zazpigarren bertsioa.
Erredakzioa
Miguel Carcañok berretsi egin du astearte honetan Marta del Castilloren hilketaren inguruan emandako zazpigarren bertsioa eta, hala, orain berriz ere dio neskaren gorpua Majaloban dagoela lurperatuta.
Halaber, Carcañok adierazi du ''inoiz'' ez duela esan edo adierazi hilotza Camaseko zabortegian dagoenik, auziaren gertuko iturriek jakitera eman dutenez. Poliziak hainbat hilabete daramatza bertan Marta del Castilloren gorpuaren bila.
Sevillako 4. instrukzio epailearen aurrean deklaratu du gaur Carcañok, Herrera de la Manchako (Cudad Real) kartzelatik, bideo-konferentzia bidez. Izan ere, delitu berria egotzi dio epaileak, gertatutakoaren azkenaurreko bertsioarekin Marta del Castilloren familiari egindako kalteagatik. Orduan, Carcañok adierazi zuen Francisco Javier Delgado anaiak hil zuela Marta, pistola batekin kolpea eman ostean. Ondoren, Majaloban lurperatu zutela deklaratu zuen bertsio horretan.
Gaurkoan, 30 minutuko agerraldia egin du epaile aurrean, eta bertan esan du zazpigarren bertsio horretan ez zuela gezurrik esan. Hala, Carcañok esan du ''geratutakoa'' kontatu zuela eta bere asmoa zela ''familiari laguntzea eta minik ez ematea''. Halaber, azpimarratu du ez dakiela zergatik ez duten Martaren gorpua bertan aurkitu.
Martaren aitak ez du ''ezer'' sinesten
Marta del Castilloren aitak, bestalde, sinesgarritasuna kendu die Carcañoren adierazpenei eta esan du ez duela esan duen ezer sinesten. Gainera, Antonio del Castillok azpimarratu du Carcaño Camasen egon zela, eta hainbat toki seinalatu zituela.