Gizartea -

Sevilla

Hezur arrastoak aurkitu dituzte Del Castillo bilatzen ari diren lekuan

Epailea eta Polizia Zientifikoa bertaratu dira. Azken horiek aztertuko dute hezurrak pertsona batenak diren.

Bilaketa lanetan erabiltzen ari diren hondeamakina. Argazkia: Efe
Bilaketa lanetan erabiltzen ari diren hondeamakina.
Bilaketa lanetan erabiltzen ari diren hondeamakina. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak hezur arrastoak aurkitu ditu Marta del Castillo, 2009an hil zuten 17 urteko neskatoa, bilatzen ari diren lursailean.

Arrastoak "gizakiarenak izan daitezke, baina gaur hasiko dugun azterketaren emaitzen zain gaude", adierazi dute ikerketako iturriek.

Poliziak aurkikuntzaren berri eman die Marta del Castilloren senitartekoei, eta horiek "pozik eta itxaropentsu" jaso dute albistea, aipatu iturrien arabera.

Camasen (Sevilla) aurkitu dituzte arrasto horiek, Guadalquivir ibaiaren gaineko zubi baten aldamenean, hondakinak zituen zulo batean. Atzo hasi ziren berriro bilaketa lanetan, hondeamakina batez.

Lanak martxoaren 6an Zaragozako Miguel Servet ospitalean Miguel Carcaño Marta del Castilloren hiltzaileari "egiaren testa" egin ostean hasi zituzten berriro.

Francisco de Asis Molina Sevillako 4. Instrukzio Epaitegiko epailea Camasera joan da, aurkikuntzaren berri bertatik bertara jasotzera. Sevillako gaztearen gorpua bilatzeko lanez arduratzen den batzorde judizialeko kidea da epailea, Espainiako Polizia Zientifikoarekin, Polizia Judizialarekin eta Sevillako auzitegiko medikuekin batera.

Madrildik Polizia Zientifikoaren kamioi bat bertaratu da, hezurrak pertsona batenak edo animalia batenak diren argitzeko.

Hezurrak gizakiarenak direla egiaztatuz gero, DNA proba egingo dute, Sevillako gaztearenak ote diren jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Marta del Castillo