Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Munilla:'Ez dago proportziorik Roucoren hitzen eta irakurketen artean'
Adolfo Suarezen aldeko hileta elizkizunean Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpikuak gerra zibila 'eragin dezaketen' jarrerak gainditzeko eskatu zuen.
Erredakzioa
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainaren esanetan, "ez dago proportziorik Rouco Varelaren hitzen eta ondoren egin diren irakurketen artean". Are gehiago, adierazpen horiek beste pertsona batek egin izan balitu beste modu batean ulertuko zirela uste du.
Gerra zibila "eragin dezaketen" jarrerak gainditzeko eskatu zuen Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpikuak Adolfo Suarezen aldeko hileta elizkizunean, eta adierazpen horiek soka luzea ekarri dute.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Rouco Varelaren adierazpenak izan ditu hizpide Munillak.
"Ez nik eta ezta Roucok ere ez dugu uste gerra zibila izateko arriskurik dagoenik", nabarmendu du, eta Roucok esandakoen eta ondoren egin diren irakurketen artean ez dagoela proportziorik gaineratu du.
Munillaren esanetan, "zenbaitetan adierazpenak ez dira bere horretan ulertzen, eta gaizki edo ongi ikusita egon daitezke nork egiten dituen arabera". Kontuak kontu, besteak esaten duena ulertzeko ahalegina egiteko eskatu du.