Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
Abortuaren legea ez aldatzeko autogobernua baliatuko du Jaurlaritzak
Abortuen kopuruak % 9,5 egin zuen behera 2012an Euskadin, eta gehienak 14. astea baino lehen egin zituzten, Darpon Osasun sailburuak azaldu duenez.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza abortuaren legearen erreformaren kontra dagoela berretsi du astelehen honetan Jon Darpon Osasun sailburuak, eta Espainiako Gobernuaren proposamenaren kontra "legediak eta autogobernurako ahalmenak baimentzen dituzten aukeren barruan" lan egingo dutela azpimarratu du. Hala, "biziaren etika, jaio ez direnen zein emakumeen eskubideak eta osasun arloko profesionalen segurtasun juridikoa" defendatuko dituen legearen alde jardungo dutela adierazi du.
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean agerraldia egin du Darponek, EH Bilduk eskatuta.
Sailburuak bertan azaldu duenez, abortuen kopuruak % 9,5 egin zuen behera 2012an Euskadin, eta gehienak 14. astea baino lehen egin zituzten. Darponen arabera, datu horiek agerian uzten dute 2010eko legea indarrean denetik abortu kopurua "zertxobait" jaitsi dela. "Egungo legediak ez du abortu kopurua handitu", gaineratu du.
Horrekin batera, sailburuak esan du Jaurlaritzak abortuaren inguruan duen jarrera "datu materialetan" oinarritzen dela. "Abortua existitzen den errealitatea da; egungo legeekin, lehenengo legearekin eta etorkizuneko legeekin existitzen den eta existituko den errealitatea", esan du. "Bere ondorioak minimizatu behar dira; ezin dugu errealitateari bizkarra emanda bizi", gaineratu du.
Abortuaren datuak Euskadin
2012an, guztira, 4.418 abortu egin zituzten Euskadin, eta horietatik 3.831 EAEn bizi ziren emakumeenak izan ziren. Gainerakoen artean, % 10 Kantabriako emakumeenak izan ziren, % 1,2 Nafarroako emakumeenak eta % 1, berriz, Errioxako emakumeenak. Burgosko, Salamancako, Zaragozako eta Zamorako emakumeek ere abortatu zuten Euskadin.
Zentroak
Darponen esanetan, abortu gehienak itunpeko zentroetan egiten dituzte, Osakidetzatik kanpo, emakumeei "intimitate" gehiago emateko eta berau haurdunaldien zerbitzuekin ez nahasteko. Edonola ere, sailburuak argitu du malformazioengatik edo amaren osasun arriskuagatik egiten dituzten abortu gehienak Osakidetzan bertan egiten dituztela.
Emakunde
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak ere agerraldia egin du batzorde horretan, eta abortuaren erreforma "onartezina" dela esan du. "Ez dituzte abortuak geldituko delitutzat jotzeagatik. Hezkuntzari jarri behar zaio arreta", azpimarratu du.