Gizartea -

EUSTAT

Generoaren araberako lubakia, euskal familien errentetan

Etxera diru gehien dakarrena gizona ala emakumea izan, alde nabarmena dago familia horren errenta mailan.

Alde handia oraindik, emakume eta gizonen diru-sarreretan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Generoaren araberako lubakia euskal familien errentetan handia da. Etxera diru gehien dakarrena gizona ala emakumea izan, alde nabarmena dago familia horren errenta mailan. Bikote batean soldata handiena duena gizona den kasuetan, familiaren batez besteko diru-sarrerak, urtean, 46.513 eurokoak dira. Soldata handiena duena emakumea baldin bada, batez bestekoa, 34.717 euroa da. Eustatek kaleratu berri duen inkestak, beraz,  gizonen eta emakumeen soldaten arteko ezberdintasuna agerian uzten du, beste behin. Galdetutakoen artean, bakarrik bizi diren gizonezkoen batez besteko soldata 27.290 eurokoa da. Emakumeena, berriz, 19.770 eurokoa.

Langabezia datuei dagokienez, 2013an lanik gabe zeuden 16 urtetik gorako emakumeen kopurua, EAEn, % 14,1ekoa zen eta Espainian % 27koa. Europan, berriz, emakume langabetuen batez besteko tasa % 10,9koa zen iaz.

Denbora luzez lanik gabe egon ziren emakumeen kopurua 2012an %5,9koa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan; Espainian % 11,6koa eta Europan % 4, 7koa.

Kontziliazioa

Eustatek kontziliazioari inguruan egindako azken azterketaren arabera, etxetik kanpora lan egiten duten EAEko emakumeek egunero, batez beste, 4,6 ordu bideratzen dituzte 15 urte baino gutxiago dituzten seme-alaben zaintzara. Gizonek, berriz, egunean 2,9 ordu. Aldea are nabarmenagoa da zaindu beharreko pertsona menpekotasuna duen pertsona bat denean: kasu horietan, emakumeek egunean 2,9 ordu bideratzen dituzte zaintzara eta gizonek 1, 4 ordu. Lanean ari diren EAEko emakumeen ia erdiak ( % 47,9k), egunero, bost ordu edo gehiago bideratzen ditu haurren zaintzara, soldatapeko lanordutatik kanpo.  Lanean ari diren gizonen erdiak egunean bi ordu edo gutxiago bideratzen ditu seme-alaben  zaintzara. Etxeko lanei dagokienez, hamarretik bederatzi gizonek egunean bi ordu edo gutxiago ematen dituzte etxeko lanetan. Emakumeen lautik batek, berriz,  egunero hiru ordu edo gehiago bideratzen ditu etxeko lanetara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea