Gizartea -

EB-ren ikerketa

Emakumeen herenek indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu dute Europan

Europar Batasunak emakumeen aurkako indarkeriari buruzko ikerketa handiena egin du. Datuak oso gordinak dira.

Hiru biktimetik batek baino ez du salatzen erasoa. EFE
Hiru biktimetik batek baino ez du salatzen erasoa. EFE
Emakumeen hirutik batek sufritu du Europan indarkeria matxista

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzi milioi emakume bortxatu dituzte Europar Batasunean (EB). Emakumeen % 33k indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu dute. Hiru biktimatik batek baino ez du salaketa jartzen. Indarkeria matxistari buruz mundu osoan inoiz egindako ikerketa handienaren ondorio batzuk baino ez dira horiek.

Txostena Oinarrizko Giza Eskubideen EBko Agentziak (FRA) egin du, 28 estatu kideetako 42.000 emakumeri galdetuta. "Giza eskubideen urraketa oso handia da, eta Europar Batasunak ezin du entzungor egin", salatu dute ikerketan.

Datuak oso gordinak dira. Hauek beste adibide batzuk: 18 eta 74 urte arteko emakumeen herenek (62 milioi inguru) nolabaiteko abusu fisikoa pairatu dute; 10etik bati sexu erasoa egin diote eta 20tik bat bortxatu egin dute noizbait.

Hala eta guztiz ere, bikotekideak erasotako hiru emakumetik batek baino ez du gertatutakoa salatu. Erasotzailea bikotekidea ez den kasuetan, lau biktimatik batek salatu du. Gainera, sexu erasoa pairatu duten lau emakumetik bat lotsagatik ez da joan polizia-etxera.

"Emakume askok ez dituzte salatzen abusuak; horrenbestez, emakumeen aurkako indarkeria kasu gehienek ezkutuan jarraitzen dute, eta gaizkileek ez dute ordaintzen", ohartarazi du Mortem Kjaerum FRAko zuzendariak.

Indarkeria testuinguru honetan, haurdunak ere ez daude salbu. Izan ere, biktimen % 42k haurdunaldian ere pairatu dituzte erasoak.

Herrialdeka

Emakumeen aurkako indarkeria EB osoan arazo larria den arren, ezberdintasun handiak daude herrialdeen artean.

Hori horrela, 15 urtetik aurrera bikotekideak eraso fisikoa edo sexuala egin dietela aitortu duten emakumeak % 52 dira Danimarkan, % 47 Finlandian eta % 46 Suedian. Ondoren, Herbehereak (% 45), Frantzia (% 44) eta Erresuma Batua (% 44) daude. Portzentaje txikienak herrialde hauetan izan dira: Polonia (% 19), Austria (% 20), Kroazia (% 21), Zipre (% 22) eta Espainia (% 22).

Nolanahi ere, ezberdintasun handi horien kausa emakumeek erasoa aitortu nahi ez izana izan litekeela azaldu du Europar Batasunaren agentziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea