Gizartea -
Europako araudia
Tabako-paketeetan arriskuen oharrak handitzea onartu dute
Azalera osoaren % 65 bete beharko dute. Araudiak debekatu egin ditu zaporezko zigarroak eta 2020a arte atzeratu du mentoldunen betoa. Zigarro elektronikoak ere arautu dituzte
Erredakzioa
Europako Parlamentuak onartu egin du behin betiko tabako-produktuen inguruko zuzentarau berria, 514 boto alde, 66 boto kontra eta 58 abstentzio jasota.
Araudi berrian zehazten denez, tabakoaren arriskuez ohartarazteko mezu eta irudiek paketearen azalera osoaren % 65 bete beharko dute, aurrealdean eta atzealdean (gaur egun paketearen % 40 hartzen dute). Osasunerako arriskuez ohartarazteko ohar berriek testua eta irudia izango dituzte, eta paketearen goialdean jarri beharko dituzte.
Bestalde, Europako araudiak debekatu egin ditu zaporezko zigarroak (ur-pipetan, ordea, baimenduta egongo dira zapore horiek).
Mentoldun zigarretak bertan behera utzi nahi dituzte, eta 2020an sartuko da indarrean debekua.
Neurri berri horien bidez, tabakoarekin lotutako produktuen erakargarritasuna murriztu nahi dute.
Zigarro elektronikoak
Zigarro elektronikoek merkatuan jarraituko dute, baina produktu sendagarri gisa edo tabako produktu gisa arautu beharko dituzte.
Edonola ere, 20 miligramo nikotina baino gehiago dituzten zigarro elektronikoak tabako modura hartuko dituzte, eta, beraz, tabakoaren inguruko legedia bete beharko dute.