Gizartea -
Erreforma
Rajoyk elkarrizketa eskaini dio Rubalcabari, abortuaren legea adosteko
PSOEko buruak emakumeen askatasuna "sakrifikatu" izana egotzi dio agintariari.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak elkarrizketa eskaini dio gaur Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruari, abortuaren legearen harira, baina egungo legea erreformatzeko eskubidea duela aldarrikatu du.
Rajoyk Diputatuen Kongresuan egin ditu adierazpenok, Rubalcabak gai honi buruz egindako galdera bati erantzunda. Buruzagi sozialistak emakumeen askatasuna "sakrifikatzea" egotzi dio agintariari, "muturreko eskuindarren botoak jasotzeko".
Gobernuburuak gogorarazi duenez, egun indarrean dagoen legea 2010. urtean onartu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistaren Gobernuak, hauteskunde programan ez zuten arren.
Gainera, horren esanetan, aldez aurretik zegoen legea, 1985. urtekoa, beste Exekutibo sozialista batek onartu zuen, eta PPk hori berreskuratu nahi du, "baina aldaketa batzuekin".
Aldaketa horien artean, emakumeek ez dutela zigor penalik jasoko, adingabeek gurasoei baimena eskatu beharko dietela eta abortatu baino lehen emakumeei alternatiben berri eman beharko zaiela aipatu ditu Rajoyk.
Bestalde, Rubalcabak bi lege mota daudela gogorarazi du: epeenak eta baldintzenak. Horren hitzetan, epeak kontuan hartzen dituzten legeetan emakumeen esku dago azken erabakia, baina baldintzak ezartzen dituztenetan, aldiz, beste pertsona batek du.
Halaber, egun indarrean dagoen legearekin Espainia Europarekin "parekatu" dela aldarrikatu du Rubalcabak, eta erreforma berriarekin 1985. urtekoa baino "murriztaileagoa" den lege bat onartu nahi izatea leporatu dio Rajoyri.