Gizartea -
'Research Felow'
Ikerbasquek 100 ikertzaile gazte kontratatuko ditu 2017ra arte
Asteartean irekiko dute aurtengo 'Research Felow' deialdia. 3 eta 10 urte bitarteko esperientzia duten ikertzaile gazteei zuzendutako 25 lanpostu eskaintzen dituzte.
Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak 2013-2017 aldian 1000 zientzialari gazte kontratatzera bideratutako 'Research Fellow' programaren deialdi berria zabaldu du.
Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde eta Ikerbasqueko presidenteorde Itziar Alkortak eta Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossiok Donostian aurkeztu dute gaur Research Fellow programaren 2014ko deialdia.
Research Fellow programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak goi mailako ikertzaile gazteen "harrobi bat" sustatu nahi du. Programaren helburua da 100 ikertzaile gazte kontratatzea 2013-2017 aldian zehar. Aurrerago bi deialdi arrakastaz burutu eta gero (40 lagun hautatu dira jada eta Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan lanean hasi dira), Ikerbasquek deialdi berria ireki du beste 25 ikertzaile kontratatzeko.
Research Fellow programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (beren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta, bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.
Alkortaren arabera, "Euskaditik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi dugu batez ere. Goi mailako ikertzaile gazteen 'harrobi' bat sustatzen ari gara".
Hori guztia gaur arte hautatutako pertsonen jatorrizko erakundeetan islatzen da: alde batetik, AEBetako eta Europako nazioarteko erakunde zientifiko onenak (MIT, Stanfordeko Unibertsitatea edo CNRS bezalakoak) eta, bestetik, Euskadiko puntako ikerketa zentroak (BioDonostia, Materialen Fisika Zentroa, CIC bioGUNE edo Biofisikako Unitatea).
Ikertzaile horiek puntakoak dira beren arloetan eta, Alkortaren iritziz, "bultzada handia emango diote ezagutza arlo guztietako ikerketari taldeburu gisa".