Gizartea -
Cabacas auzia
Cabacasen heriotza ertzain bati leporatzea zail ikusten du Fiskaltzak
Athleticeko zalearen heriotzagatik inputatutako lau ertzainak deklaratzera deitu ditu, ostegunean eta ostiralean, auzia bideratzen duen epaileak.
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiaren ustez, "oso zaila" izango da Iñigo Cabacasen heriotza ertzain bati leporatzea: izan ere, adituen txostenak ez du argitu gaztea buruan jo zuen pilota nondik jaurti zen.
Athleticeko zalearen heriotzagatik inputatutako lau ertzainak deklaratzera deitu ditu, ostegunean eta ostiralean, auzia bideratzen duen epaileak.
Fiskal nagusiaren aburuz, gau hartan Maria Diaz de Haro kalean tiro egin zuten agenteak zeintzuk diren zehaztu beharko dute eta, ikerketak aurrera egin ahala jakiten dutenarekin, inputatuak izan daitezkeen ikusi beharko dute. Horrez gain, agenteen esku-hartzean "deliturik izan zen jakin arte ikertzen jarraitu beharko dute".
Ikerketa horretan Ministerio Publikoak inputaziorik ez du egin. Fiskaltzaren abantaila hau da, Calparsororen hitzetan, "ez jardutea ez akusazioaren abokatu gisa ez Ertzaintzaren defentsan".
Lekuko moduan egin zuten lehen deklarazio batean, gomazko pilotak tirokatu zituztela onartu zuten agenteetako bi deklaratzera deitu ditu epaileak ostegun honetan.
Ostiralean, hirugarren agentearen eta kargatzeko agindua eman zien ofizialordearen txanda izango da.